Jan Ullrich alemaniarrak txirrindularitza utzi duela esan du gaur, Hanburgon (Alemania) egindako prentsa agerraldian. Dopina dela-eta bere kontra esan izan direnak gogoratzeko baliatu du, batik bat, agerraldia. Dopinarekin loturak zituelakoan azkeneko Frantziako Tourrean bidali zuten eguna bere bizitzako "gogorrena" izan zela esan du. "Sasoi betean nengoen, taldea ere bai, konbentzituta geunden garaipena lor genezakeela eta, bidali nindutenean, behera erori nintzen, oraindik gainditu ez dudan shock-a izan zen". Harrezkero -azkeneko zortzi hilabetean- bere kontrako "kirol auzirik" ez dela ireki gogoratu du Ullrichek gaur.
Dopinaren gai hori dela-eta oso gogor mintzatu da Alemaniako kirol kazetari batzuen kontra. "Agerraldian ikusten ditut ardi beltz batzuk, ia onartuak ez direnak".
Txirrindularitzari lotuta segituko duela adierazi du, Volksvank Austriako ekipoan eta, batez ere, gazteen aholkulari izan nahi du. "Ezin dut bizi txirrindularitzarik gabe. Nire pasioa da eta nire bizitza".
33 urte ditu, 1995ean egin zuen debuta profesionaletan. 1997an Tourra irabazi zuen; 1996, 1998, 2000, 2001 eta 2003an bigarren izan zen Frantziako Itzulian, 2005ean hirugarren, eta denera han zazpi etapa irabazi zituen. 1999an Espainiako Vuelta lortu zuen.
Alemaniako txirrindularitzari "ekarpen handia" egin diola uste du, orain dela hamar urte han ziklismoa "inor gutxiri" interesatzen zitzaiolako eta orain, Erik Zabelen eta bien garaipenei eskeri, "zale ugari" daudelako.
Txirrindularitza
Ullrichek erretiroa hartu du
Dopinarekin loturak zituelakoan azkeneko Tourrean bidali zuten eguna bere bizitzako "gogorrena" izan zela esan du gaurko agerraldian. 33 urte ditu eta 1997an Tourra irabazi zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu