Unai Perez de Arenaza Alpinista bergararra da gaur goizean Aran bailaran (Herrialde Katalanak) izandako elur-jausian hildakoetako bat. Perez de Arenaza Conangles inguruan zegoen, Vielhako tuneleko hego ahoan, beste bi eskiatzailerekin batera. 10:00ak aldera elur-jausi bat izan da inguruan, eta hirurak harrapatu ditu azpian. Larrialdi zerbitzuak hara bertaratu dira, baina Perez de Arenaza eta beste eskiatzaileetako bat hilda aurkitu dituzte, eta hirugarrena oso larri zaurituta. Bellvitgeko erietxera eraman dute. Erreskatean suhiltzaileek eta Mossoek hartu dute parte. Aurten 11 hildako izan dira Pirinioetan elur-jausiengatik.
Europa mailako natur ikerketa batean parte hartzen ari ziren, Bartzelonako Unibertsitatearen eskutik. Perez de Arenaza eskarmentu handiko alpinista eta eskalatzailea zen. Gidari lanak ere egiten zituen. 2005ean Euskadiko Mendi Federazioko Andres Espinosa saria jaso zuen, Shisha Pangman (8.013 metro) bide berri bat ireki zuelako.