Albistearen berri atzo eman ondoren, Anoetan agertu da Xabi Prieto Raleko jokalaria taldekide, zuzendari, familiako eta kazetarien aurrean, eta ezin izan die malkoei eutsi. Erabat hunkituta, erabakia pentsatuta zuela esan du bere agurreko agerraldian. "Iaz zalantza asko egin nuen jarraitu edo ez, eta sasoi honetan garbi ikusi dut une egokia zela. Erabakia ez da izan lesioengatik, baizik hauxe sentitzen nuelako. Beti egin dut sentitzen dudana. Gazteei bidea ireki nahi diet".
Hain zuzen, duela hamabost urte berari egin zioten bezala. Hamarkada eta erdian Realeko elastikoa janztea ohorea izan dela nabarmendu du kapitainak. "Maitatua sentitu naiz beti, eta hori aski izan dut Realean zoriontsu izateko. Txikitako ametsa ez zen futbolari izatea, baizik Realeko jokalaria izatea. Gurasoek jar ziezadaketen zigorrik gogorrena Atotxara joatea debekatzea zen". Horregatik, inoiz ez du tentaziorik izan beste talde batera joateko. Bigarren Mailan edo Europan izan, gustura egon da klubean. "Hemen dute gazteek adibide bat frogatzen duena Realekoa izanda zoriontsua izan daitekeela. Ez nuke nire egoera aldatuko beste talde batera joan den inorengatik".
Etorkizunari begira, agur zelaian esatea espero du kapitainak. Lesiotik osatzen ari da gaur-gaurkoz, eta nahi lituzke jokatu beste minutu batzuk. "Oraindik jokalari sentitzen naiz, eta nahi dudana da zelaian agurtu zaleak. Gure jarraitzaileak ez dira izan beroenak eta indartsuenak, baina bai duinenak. Onenak dira. Haien aurrean erretiratu nahi dut". Epe luzeko geroari begira, klubarekin hitz egin beharko du. "Ez dugu ezer zehaztu, hitz egitekotan soilik geratu gara. Ikusiko dugu". Prietok ez du bere burua ez entrenatzaile ez presidente gisa ikusten.
Jokin Aperribai Realeko presidenteak, bere aldetik, esan du nahi lukeela Prieto izatea harrobiko gazteen ispilu. "Liderra izan da, eta erarik egokienean zuzendu du beti Reala, edozein zelaitan. Gazteentzat eredu bikaina da. Denborarekin balio gehiago emango zaio berak egin duen ibiliari". Besteak beste, Realeko historian bosgarren jokalaria da minutu gehien jokatu duena.