Unea eta aurkaria
Realak final kutsua duen partida jokatuko du gaur, Anoetan, Atletico Madrilen kontra
Realak final kutsua duen partida jokatuko dugaur, Anoetan,Atletico Madrilen kontra
XABIER LOPETEGI
Donostia
Partida guztietan hiru puntu daude jokoan, baina partida guztiak ez dira berdinak, bakoitzak bere testuingurua duelako: bere espazioa, bere denbora, bere historia, bere konnotazioak eta sentipenak. Matematiketaz haratago dauden hainbat faktorek egiten dute norgehiagoka bat garrantzitsu, eta horiei erreparatuta,ez da erraza Realak gaur Atletico Madrilen aurka jokatuko duena baino garrantzitsuagorik irudikatzea. Puntuak ezinbestekoak dira, denboraldia bukatu bitarte bost partida irabazi behar dituelako taldeak. Baina zaleek ondo asko dakite unea eta aurkaria direla benetan gaurko lehia erabakigarri bihurtzen dutenak. Onerako zein txarrerako, mugarri izateko itxura guztia dauzka.
Realak ez du aparteko jokorik erakutsi azken bost partidetan. Mallorca eta, batez ere, Vila-realen aurkako partidak alde batera utzita, gabezia asko utzi ditu agerian: baloiarekin izan dira begi-bistakoenak, baina defentsan ere aurkariek aprobetxatu ez dituzten erraztasunak eman ditu. Hala eta guztiz ere, puntu uzta ederra bildu du, hamabostetik hamaika, miraria posible dela ikusteko balio izan diona. Beste askotan egin dituen merituek saririk ez dute jaso, eta askok hildakotzat jotzen zutenean, emaitzek berpizteko akaso ez, baina Lehen Mailako trena ez galtzeko balio izan diote, behintzat.
Ondo legoke azken boladan egin duen jokoak piztutako zalantzak uxatzea, baina askoz garrantzitsuagoa izango litzateke irabaztea, hori lortuz gero salbazioa hiru puntura izango lukeelako. Denboraldia joan den bezala, kosta egiten da aukera hori eskura daukala sinestea, baina benetakoa da eta ezin du alferrik galdu. Hurrengo bi partidak ez dira errazak: etxean inor baino sendoago dabilen taldearen kontra jokatu behar du, Getaferen kontra, eta Bartzelona boteretsuaren kontra gero Anoetan. Egutegiko zati gaitz hori gainditzea izan behar dute helburu txuri-urdinek, Gimnastic eta Celtaren aurkako lehia erabakigarrietara gogotsu iristeko. Bizirik, gutxienez.
Jaitsiera saihesteko borrokan dabiltzan bost taldeetatik lauk, gainera, etxetik kanpo jokatu behar dute: Celtak, Athleticek, Gimnasticek eta Betisek. Beraz, aldea murrizteko parada izango du Realak, baina besteei begiratu baino lehen behar bezala egin beharko ditu etxeko lanak. Horretarako jarraitzaileen laguntza izango du. Bazkideek klubak dohain banatzen dizkien sarrera guztiak hartu dituzte, eta oso litekeena da Anoetan denboraldi honetako ikusle kopururik handiena biltzea.
Izan ere, Realzaleak hotzak badira ere, erakutsi dute une txarrenetan bere taldea laguntzen dakitela. Atletico Madril baldin bada Anoetan bisitari, zer esanik ez. Talde zuri-gorriak ez du begikotasun handirik pizten Gipuzkoa aldean. Realak latz sufritzen du Vicente Calderonen jokatu behar izan duenean, baina alderantzizkoa ere gertatzen da, Atleticok behin ere ez duelako Anoetan irabazi.
Denboraldi honetan bigarren aldiz, hamaikakoa errepikatuko du Lotinak: Bartzelona eta Gimnasticen aurkako partidatan baino ez du hori egin jarraian. Haren ustetan, taldeak ondo jokatu zuen La Cartujan: «Lehiakorra izan zen, hori da garrantzitsuena, eta Betisek sortutako aukera apurrak unean-uneko hanka-sartzeengatik sortu zituen, bere merituengatik baino gehiago». Juanito eta Garitanorekin zelai erdian kalitatea falta ote den galdetu zioten: «Fenomenoren bat kanpoan utzi badut, esadazue. Jokalari bakoitzak eman eta kentzen duena kontutan hartuta, une honetan zelairatu daitekeen talderik onena delauste dut». Mikel Gonzalez da berritasuna deialdian eta Labaka eta Rivas gelditu dira kanpoan.
AGUIRREREKIN BAI. Javier Agirrek ez zuen erronka makala Atletico Madrilera iristen zenean: proiektua elastikoa bezala aldatu izan duen klubari egonkortasuna eman eta emaitzak erdiestea. Aurten ere, inork baino gehiago gastatu du fitxaketetan: Maniche, Costinha, Mista, Aguero, Seitaridis, Pernia, Ze Castro, Eller... Txapelketagatik borrokatzeko moduko baliabideak badauzka, baina eman zezakeen mailara ez dela iritsi uste dute askok, berriz ere. Hala ere, konforme daude jarraitzaileak, aspaldiko partez Txapeldunen Ligarako sailkatzeko lehian dabilelako taldea. Joko ikusgarririk egin gabe, Agirrek bere nortasuna kutsatu dio: talde eraginkorra da gehienbat, defentsan sendoa, atzelari apartak dauzkalako, eta Luccin, Costinha eta Maniche oreka handia ematen duten euskarriak direlako. Hegaletan ibili da hankamotz, Maxi Rodriguezen eta Petroven lesio larriak direla-eta. Nolanahi ere, etxetik kanpo oso talde arriskutsua da, gol gutxi jasotzen dituelako, aurkariari ez diolako inoiz ere erraz jokatzen uzten, eta Torres, Aguero, Mista eta Juradoren abiadura eta irudimena nahikoa dituelako partidak desorekatzeko. Azken bost norgehiagoketatik hiru irabazi eta bat berdindu du. Joko fisikoa eta itxia espero da Anoetan, bi taldeen ezaugarriei erreparatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu