Epe laburreko etorkizuna erabakiko duten norgehiagokak jokatuko dituzte Gescrap Bizkaiak eta Lagun Arok iluntzean. Bizkaitarrek poltsikoan dute dagoeneko titulua lortzeko borrokan jarduteko txartela, baina sailkapeneko laugarren postua lotu nahi dute, azken laurdenetako koskan partida erabakigarria etxean jokatzeko abantaila izateko. Katsikarisen taldeak Unicaja hartuko du Miribillan. Kirol lehiaz gain, bulegoetako kontu itsusiekin kutsatutako norgehiagoka izango da. Izan ere, Unicajak Euroligako A lizentzia gal dezake sailkapeneko 9. postutik behera geratzen bada, eta bizkaitarrei asko komeni zaie hala gertatzea, Espainiako ligako ordezkari baten lizentzia libre geratzeko. Bizkaia laugarren izango da, geratzen zaizkion bi partidak irabazten baditu.
Lagun Aro Sevillara joan da. Gipuzkoarrek erabat lotu gabe dute kanporaketetan aritzeko txartela, baina bi aukera dituzte. Gaurkoa, Sevillan, eta igandekoa, Illunben. Aurkariak: Banca Civica eta Kanaria Handia, hurrenez hurren. Bistan da, zailagoa da iluntzeko partida, baina handik garaipenarekin bueltatzen badira, festa biribila izango da ligako azken partidan.
Otsaileko eta martxoko indarra galdu du Lagun Arok, baina bi hilabete horietan egindako lan onari esker dago gaur dagoen tokian. Sergi Vidalen lesioak min egin dio, jokatuta ere sasoi on hori galdu duelako Bartzelonako hegalekoak. Banca Civica ere sasoi onean dago, baina jokalari garrantzitsu bat faltako zaio liga bukaeran: Paul Davis pibot estatubatuarra.
Unicaja eta Banca Civica Gescrap eta Lagun Aroren aurkari
Etxean jokatuko dute bizkaitarrek (20:15), eta Sevillan gipuzkoarrek, zortzi onenen artean finkatzeko asmoz (20:30)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu