REALA 0. AT. MADRIL 1

Ur hotzetan blai

Realak irudi ona emanda egin dio aurre Atleticori, baina Falcaok azken minutuan sarturiko golak merezitako puntua kendu dioEtxekoak gehiago izan dira lehen zatian; bigarrenean, berriz, Atletico gailendu zaie

Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2012ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Gola: 0-1: Falcaok (90. min.) Epailea: Ayza Gamez. Txartel horiak: Realeko Bergara, De la Bella, Estrada, Illarramendi eta Martinezi; eta Atletico Madrileko Filipe Luis eta Godini. Bestelakoak: 22.000 ikusle inguru Anoetan. Zelaiak oso ondo xurgatu zuen egun osoan eroritako euria.

Ez zuen halakorik merezi. Futbola krudela izan zen atzo Realarekin. Partida osoan Atleticori erasoan aurre egin ondoren, Falcaok falta jaurtiketa batean lapurtu zien ondo merezitako puntua txuri-urdinei. Etxekoak gehiago izan baitziren, lehen zatian askoz ere, eta bigarrenean parean ibili baitziren bi taldeak. Anoetan handien pare dabil Reala, eta horri esker eusten dio sailkapenean. Eta hala jokatu zuen, baina gola falta izan zitzaion, gola baino ez. Hain sinple, hain garrantzitsu.

Atleticok, baina, Falcao du. Ilun egon zen partida osoan, Gonzalez eta Martinezek itzalera kondenatu zutelako. Aukera bakarra izan zuen, eta gora bidali zuen. Baina azkenean haren distira agertu zen (90. min), Ilarramendik Rodriguezi area ertzean eginiko falta baliatzeko. Pixka bat eskuinera zegoen baloia, eta gurpil bikainez saihestu zuen hesia aurrelariak. Erdialdetik sartu zen Zubikaraik gehiago egin zezakeen. Anoeta isildu egin zen, ur hotza bizkarretik behera. Taldea lan txukuna egiten ikusi ondoren, zaleek kopetilun hartu zuten etxerako bidea. «Zergatik?» zen galdera.

Realaren lehen zatia oso ona izan zen. Konplexuak aldagelan utzi eta Atleticoren hankak lotu zituen. Baloia izan zuenean, zentzuz mugitu zuen, eta izan ez zuenean, ondo presionatu zuen. Erasora jokatu zuen, bere buruan sinetsiz. Aurkaria sasoi bikainean egon arren, Reala haren bila joan zen zelai erdira, eta baloia kendu zion. Atletico eroso zegoen bere zelaian, kontraerasoaren bila, baina jarrera uzkur hori garesti ordaintzeko zorian egon zen. Etxeko taldeak baloiaren jabe izan zen zatiaren %70ean, eta zazpi korner atera zituen.

Realak erdiraketa eta urrutiko jaurtiketen bitartez eraman zuen arriskua. Atletico oso ondo jarria zegoen atzean, serio, eta aukera gutxi onartu zizkion Realari; horietako bat, garbia (42. min): Courtoisek gaizki urrundu zuen kornerra, eta Illarramendik atera bidali zuen aldaratzea. Falcaok eragotzi zuen gola, bularrez. Lehen zatia iskanbilarekin bukatu zen. Griezmannek Atleticoren hesira bidali zuen Velari eginiko falta, eta aldaratze osteko jaurtiketa Gabik urrundu zuen, besoa luze-luze eginda.

Atleticok gora egin zuen bigarren zatian. Zulotik atera eta baloia hartu zuen. Zelai erdiko borroka orekatu zen eta arriskua sortu zuen. Simeonek talentu handiko jokalariak zuzentzen ditu, eta bi taldeen orden taktikoa desegin zenean agertu ziren. Adrian eta Koke izan ziren onenak, halere, aukera Falcaok izan zuen (60. min). Zubikaraik gaizki aldendu zuen Kokeren jaurtiketa eta aldaratzea Falcaok hartu zuen area barruan. Gaizki jo zuen baloia, eta gora joan zen.

Azken hogei minutuetan are gehiago ireki zen jokoa. Atleticok bere aukera onena izan zuen Mikel Gonzalezek bere atera buruz desbideraturiko faltan (70. min), baina Zubikaraik geldiketa bikaina egin zuen. Montainierrek Castro zelairatu zuen orduan, eta taldeak eskertu zuen. Harekin Realak baloia berreskuratu zuen, eta Atletico gainetik kendu. Hark eman zion pasea Velari etxekoen aukera onenean. Kontraeraso bat izan zen (72. min), baina mexikarrak, bakarrik atezainaren aurrean, gora bidali zuen. Puntua ona zen, Falcaok ez balu zapuztu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.