Sevillaren aurka Espainiako Kopan jasotako jipoiak erabat gaiztotu du giroa Coruñan, eta ur nahasietan hiru puntuko saria arrantzatzeko asmoz iritsiko da Osasuna Riazorrera. «Ostegunekoak kalte egin diezaieke, eta hasieratik aurre egiten badiegu, gure alde erabil dezakegu euren kontrako giroa», esan zuen atzo Jose Angel Zigandak. Esaldia amaitu orduko beste ondorio bat ere bota zuen Larraintzarkoak, dena dela: «Halere, amorraturik zelairatuko dira, eta ostegunean Kopan emandako itxura kaskarra ahantzaraztea nahiko dute guri irabazita», jarraitu zuen Osasunako entrenatzaileak. Galiziarren amorrazioa larrutik ordaintzeko arriskua ere hor dago. Baina, arreta guztia UEFA Kopan jarri ahal izateko, lehenbailehen egin nahi ditu Osasunak Ligan egin beharrekoak.
Zigandarengana jo aurretik Caparrosengana jo zuen Osasunako presidente Patxi Izkok Javier Aguirre ordezkatzeko, baina Deportivoko presidente Augusto Cesar Lendoirok ez zion alde egiten utzi Caparrosi. Bere proiektua gidatzeko ezinbestekoa ikusten zuen Lendoirok Caparros. Baina zaleek bizkarra eman diote entrenatzaile espainiarrari. Espainiako Kopan zuen Deportivok erdipurdiko denboraldia txukuntzeko aukera, baina finalerdietako joaneko lehian Sevillak 0-3 irabazi zion, eta zale galiziarrak atsekabetuta daude une honetan. Atsekabetuta eta amorratuta, zale bat baino gehiago geratu baitzen entrenatzailearen zain partida amaieran. SuperDepor edo EuroDepor deitzen zioten Coruñako taldeari orain gutxi arte. Liga bat eta Kopa bi irabazi zituen Arsenio Iglesiasek eta Jabier Iruretak zuzendutako talde dotoreak. Baina egun Deportivok ez du orduko talderik. Mauro Silva, Bebeto, Rivaldo, Djalminha eta enparauen ordez, Riki, Arizmendi eta Aouate dira orain zaleen kutunenak. Coloccini, Sergio, Valeron (lesioen infernuan murgilduta dago erabat), Capdevila, Duscher eta Manuel Pablo jokalari beteranoak dira, baina gazteen alde egin du Lendoiro presidenteak azken boladan, egoera ekonomiko larriak behartuta. Eta zaleek EuroDepor hura dute oraindik gogoan, eta Joaquin Caparros entrenatzaileari leporatzen diote orain lorpen gabeziaren errua.
Giro petral horrek mesede egin behar dio Osasunari. Ligan Riazorren jokatutako azken bi aldietan irabazi egin dute gorritxoek (2004-05 denboraldian 1-3 nagusitu ziren, eta iragan sasoian, 0-1), eta bolada onarekin jarraitu nahi dute nafarrek. Gainera, azkenaldian etxetik at etxean baino erosoago ere ari da Osasuna. «Bai, etxeko partidetan freskotasunik ez dugula sumatu da, eta etxetik at, aldiz, zelaian ondo jartzen gara eta eroso jokatu ohi dugu. Ez dago arrazoi jakinik, baina hala da. Eta berdin zait non irabazi, etxean edo kanpoan», esan zuen atzo Zigandak.
PUÑAL BAI, DELPORTE EZ. Santiago Bernabeun jokatu bezperan bere jokalariak negargarri entrenatu zirela salatu zuen Zigandak. Leverkusenen 0-3 irabazi ondoren joan ziren Real Madrilen zelaira, eta entrenamendu bat bakarrik egin ahal izan zuten bi partiden artean. Aste honetan ez da halako aitzakiarik. Deportivok ez bezala, Osasunak aste osoa izan du partida prestatzeko, eta taldeak hori eskertu egin duela onartu zuen Zigandak: «Partiden etengabeko zurrunbiloan sartuta ibili gara, eta aste hau ondo etorri zaigu behar bezala entrenatu ahal izateko», adierazi zuen. Hargatik, sasoia hasiz gerotik partida gehien jokatu duen taldea Osasuna dela badaki.
Lesioak gainditu ostean, berriro ere jokatzeko moduan dira Patxi Puñal eta Ludovic Delporte, baina Uharteko erdilaria soilik sartu zuen atzo deialdian Zigandak. «Delportek denbora asko darama jokatu gabe-azaroan jokatu zuen azken aldiz-, eta gutxienez beste aste bat arazorik gabe entrenatzen ikusi nahi dut jokatzeko erantzukizuna eman aurretik. Puñalen kasua ezberdina da; hiru aste egin ditu zelaietatik at eta jokatu egin nahi duela esan dit, gainera. Valdok ere gauza bera esan zidan Santiago Bernabeun jokatu aurretik, eta gero leher eginda amaitu zuen. Horrexegatik, ez dut Puñal hasieratik jarriko, baina ea minuturen batzuk jokatzeko modua izaten duen», adierazi zuen atzo Zigandak bere erabakia arrazoitzeko.
Ur nahasietan arrantzan
Espainiako Kopako porrotak Deportivoren inguruko giroa gaiztotu du, eta hori baliatu nahi du gaur Osasunak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu