Mendiko lehen etapa gogorra iritsi, eta hankaz gora geratu da Italiako Giroa. Etapa guztian erasorako nahia erakutsi du Skyk, eta bi besoak altxatuta helmugaratu da Rigoberto Uran (Sky). Baina beste behin ere huts egin du taldeburuak. Azken igoeran atzean geratu da Bradley Wiggins, eta Vincenzo Nibalirekin (Astana) minutu erditik gora galdu du helmugan. Casson di Lanza lehen mailako lehen mendatean bertan lehertu dira Ryder Hesjedal (Garmin) eta Samuel Sanchez (Euskaltel), eta biek denbora asko galdu dute helmugan. Hamahiru laguneko ihesaldia sortu da etapa hasieran, eta Jackson Rodriguezek (Androni) egin du biderik luzeena. Baina helmugara iristeko bederatzi kilometro falta zirela, bat egin dute denek, Sky tiraka zela. Pentsatzekoa zen Wigginsek mugimenduren bat egingo zuela, baina Uran joan da aurrera, Astana lan egitera behartzeko. Valerio Agnolik hartu du ardura tropeltxoan, eta italiarraren emanarekin ezinean geratuz joan dira faborito gehienak, Wiggins bera tartean.
Tantaka-tantaka, faborito gehienak geratu dira atzean. Michele Scarponi (Lampre) mugitu da lau kilometro falta zirela, baina ordurako 45 segundoren aldea zeukan Uranek. Eraso saio bakoitzari, gainera, dotore erantzun dio Nibalik. Rafa Majka (Saxo) eta Domenico Pozzovivo ere (Ag2r) mugitu dira lau kilometro falta zirela, baita Carlos Alberto Betancur ere (Ag2r). Baina eroso zihoan kolonbiarra. Etapa eta sailkapen nagusiko hirugarren postua harentzat. Betancur helmugaratu da bigarren, eta Nibali hirugarren. 1.06 galdu du Beñat Intxaustik (Movistar), 1.08 Wigginsek, 1.10 Scarponik eta 1.16 Robert Gesinkek (Blanco). Minutu zakua bete-bete eginda geratu dira Samuel Sanchez eta Hesjedal. Nibalik sendotu egin du maglia arrosa; 41 segundora dago Cadel Evans (BMC), 2.04ra Uran, 2.05era Wiggins eta 2.12ra Gesink. 11. postura jauzi egin du Intxaustik, Nibalirengandik 4.23ra.