Urdaibai eta Zumaia izan ziren atzo Kontxako banderako lehen jardunaldiko traineru protagonistak. Gizonezkoetan, lehen txandan atera zen Urdaibai, eta 19:17ko denboran osatu zuten distantzia. Sorpresa eman zuten bermeotarrek, Kaikuk baitzituen apustuak aldeko.
Datorren igandean, Urdaibai, Hondarribia, Orio eta Kaiku ariko dira lehian. Hiru segundoko tartea atera diote bizkaitarrek Hondarribiari, eta sei Oriori.
Nesken estropadan, bandera ia erabakita utzi du Zumaiak. Euskotren Ligako txapeldunek 10:37ko denbora egin dute, eta 11 segundoko aldea atera diote Hibaikari, bigarren luze bikaina eginda. San Juan hirugarren izan da 18 segundora, eta Mecos galiziarra laugarren 25 segundora.