Bidearen erdira iristea beti da itxaropentsua. Gaizki hasitakoek oraindik zuzentzeko denbora dutela esan dezakete, eta ondo hasitakoek, erdia baino ez dela falta helmugarako. Balantze eta hausnarketa garaia da. San Miguel Liga atzo iritsi zen erdi bidera, eta Urdaibaik azken asteetako indartsuena dela erakutsi zuen berriz. Hasierako zalantzen ostean gora egin du, eta sendo eusten dio ligako buruari.
Atzo, Hondarribiko estropada eremura batu zen jendetzaren aurrean jo zuen aginte kolpea. Txingudiko badiako eremua bitxia da, ez da zeharkakoa, olatuen alde eta aurkakoa baizik. Urdaibaik hasiera bikaina izan zuen. Olatuen aurka arraun eginez, Oriok baino hiru segundo gutxiago behar izan zituen lehen txanpan. Oriotarrek ondo eutsi zioten Urdaibairi bigarren txanpan, baina bizkaitarrek berriz ere kanpo alderantz jo zuten kolpea. San Nikolas-a urrun ikusita azken luzea lasaia izango zirudien. Albistea, baina, irratiz jaso zuten, hortik aurrera Pedreña zen aurkaria. Urdaibaik hortzak estutu behar izan zituen irabazteko. Azkenean bost segundoko aldearekin gailendu zen. Oriok, berriz, ez zuen Pedreña pasa, eta hirugarren izan zen.
Pedreñak koadrila ona batu du aurtengo ligarako, atzora arte, baina, ez zuten euren maila eman. Urdaibaik ez bezala barrurantz egin zuen hegan badian, olatuekin batera. Euren azken txanpa izan zen estropadako txanpa bizkorrena, eta lau segundoko aldea jan zioten Oriori. Ligaren erdi bidean, Pedreñan asko izango dira oraindik hobetzeko beta dagoela pentsatuko dutenak. Laugarren Hondarribia izan zen. Etxekoek hirugarren luzean, kanporantz, esan zieten agur garaipen itxaropenari.
ZARAUTZ SENDO, CABO HOBERA. Pedreñaren ustekabearen itzalean, Zarautzek eta Cabok ere lan txukuna egin zuten. Zarauzko koadrila fin ibiltzen da poparean, eta barnerako luzeetan aurrea hartu zion Castrori. Aste pare bat dira ohorezko txandetatik jausi zirela, baina Enbata-ko arraunlariak ez dute amore eman nahi.
Cabo da Cruzek, aldiz, arnasa hartu zuen. Liga hasiera ezin kaskarragoaren ostean apurka gora doa, eta atzo zortzigarren izan zen. Galizia aldean ere itxaropentsu begiratzen diote Ligaren bigarren erdiari. Atzoko uztari esker bi puntura dute Mecos, eta eskura mailari eusteko kanporaketetatik irteteko aukera.
Bigarren txandan San Pedrok eta Zumaiak ere lan txukuna egin zuten, eta lasaitasunez begiratu dezakete behera, puntu tarte polita baitute Mecosekiko. Gaur, Zumaiako XXII. bandera jokatuko da (12:00, ETB1), San Miguel Ligako hamargarren proba. Sailkapenean aldaketarik egon ez zenez, txandak atzoko berdinak izango dira.
Urdaibai iritsi da lehena erdibidera
Bizkaitarrek lehen txanpa bikainari esker irabazi dute Hondarribian, eta oraindik ere ligako buruan daude
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu