Kontxako Bandera

Urdaibai izan da nagusi Kontxako lehen jardunaldian, bi segundo eskasen aldearekin

Bermeotarrekin batera sailkatu dira ohorezko txandarako Hondarribia, Kaiku eta San Juan. Hika-mika izan da Kaiku eta Orioren artean. Dena erabakitzeko geratu da datorren iganderako.

Urdaibaiko arraunlariak pozik, lehen jardunaldia irabazi ostean. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS
2016ko irailaren 5a
10:26
Entzun

Oker zegoen lehen jardunaldian Kontxako Bandera erabakita geratuko zela uste zuena. Izan ere, denborarik onena Urdaibaik egin duen arren, segundo eta 78 ehunenen aldea soilik atera dio Hondarribiari. Beraz, ikusgarria izango da datorren igandeko bigarren eta azken jardunaldia, batez ere, biek ala biek erakutsi dutelako bandera eskuratzeko gai direla. "Asko sufritu dugu gaur. Izan ere, eguraldia kontuan hartuta, kale okerrena tokatu zaigu eta gogor egin behar izan dugu lan", nabarmendu du Ion Salsamendik, Urdaibaiko entrenatzaileak. 

Hirugarren tokian geratu da Kaiku, 12 segundora, eta San Juan laugarren, 23ra. Ohorezko txandatik kanpo, beraz, Zierbena, Orio, Tiran eta Donostia Arraun. Gustura agertu da San Juaneko Xabier Arrarats egindako lanarekin: "Emakumezkoetan errenta txiki bat atera dugu iganderako; eta gizonezkoetan ohorezko txandan sartzea genuen helburu, eta lortu dugu hori ere". 

GPSa dela eta ez dela

Ia urtero moduan, hala ere, liskarrik ere ez da falta izan aurtengoan. Izan ere, Kaiku eta Orioren artean izan da hika-mika. Orioko Iñaki Arostegik salatu duenez, ziaboga hasi eta gutxira sartu da Kaiku euren kalean, eta oriotarrek atera behar izan dute, denbora galduz.

"GPSko irudiak eskatu ditugu, gertatutakoa argitze aldera, baina esan digute helegitea jarri ezean ezin ditugula ikusi. Horretarako, baina, 6.000 eurotik gora jarri behar dira". Arostegik baztertu egin du helegitea jartzeko aukera, baina kritikatu egin du GPSaren irudiak denen eskura ez egotea.  

Honela geratu da sailkapena: 

1. Urdaibai 19:22

2. Hondarribia 19:24

3. Kaiku 19:35

4. San Juan 19:46

5. Orio 19:49

6. Zierbena 19:53

7. Tiran 19:57

8. Donostiarra 20:20

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.