Arrauna

Urdaibai nagusi Kontxako sailkapen proban

Haren atzetik Orio, San Pedro, Astillero, Castro, Hondarribia eta Tiran sailkatu dira bandera irabazteko lehian aritzeko. Gaur 23 ontzik neurtu dituzte indarrak.

2008ko irailaren 4a
19:07
Entzun
Urdaibai izan da jaun eta jabe gaur arratsaldean Kontxako Banderako sailkapen proban. 19:45.80an osatu du estropada, eta, horrenbestez, bigarrenari, Oriori, 11 segundo pasatxoko aldea kendu dio (19:57.52 egin du Oriok).

Hirugarren San Pedro izan da (19:57.64), laugarren Astillero (19:58.08), bosgarren Castro (20:02.30), seigarren Hondarribia (20:08.74) eta zazpigarren Tiran (20:10.30). Beraz, zazpi horiek izango dira etxekoa izateagatik galbaherik pasa gabe sailkatu den Donostiarra-rekin datozen bi igandetan Kontxako badian lehiatuko diren traineruak.

Gaurko sailkapen proba erlojupekoa izan da, eta 23 taldek parte hartu dute. Banaka, baina bi multzotan abiatuta aritu dira lehian. A multzoan San Miguel ligako aurreneko 10 sailkatuak eta Astillero aritu dira, eta B multzoan, berriz, gainerakoak. Zozketa bidez erabaki da A multzokoak ateratzea aurrena. Honakoak dira multzo bakoitzean aritu diren traineruak:

A Multzoa

Tiran, Zumaia, Castro, San Pedro, Zarautz, Cabo da Cruz, Hondarribia, Pedreña, Astillero, Urdaibai eta Orio.

B Multzoa

Camargo, Pasai Donibane, Kaiku, Meira, Arkote, Nautico de Vigo, Laredo, Trintxerpe, Isuntza, Ondarroa, Chapela eta Rianxo.

Sailkatu diren zazpi taldeak A multzokoak dira; Astillero izan ezik beste guztiak San Miguel ligakoak. Hain zuzen ere, A multzo horretatik lau traineru geratu dira Kontxako leihatik kanpo: Zumaia, Zarautz, Cabo da Cruz eta Pedreña.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.