Osasuna lasai doa Sevillara. Jose Angel Zigandaren jokalariek badakite datorren denboraldian ere Espainiako Ligako mailarik gorenean jokatuko dutela, eta lasaitasun hori baliatu nahi dute futbolean gozatu eta beste hiru puntu batzeko. Gorritxoek aurrean izango duten aurkariak, ordea, ezin du ezer oparitu. Betisek ez ditu oraindik betebeharrak egin, eta azken jardunaldia arte hil edo bizi borrokatu nahi ez badute, Luis Fernandezen jokalariek derrigorrezkoa dute gaur Osasuna mendean hartzea. Irabaziz gero, Betis salbatuta egongo da. Galduz gero edo berdinduz gero, ordea, Realaren emaitzari begiratu beharko diote, Realak Racingi irabaziz gero azken jardunaldian Betisi aurre hartzeko aukera izan baitezake Miguel Angel Lotinaren taldeak. Presiorik gabe, lasai doa Osasuna Lopera futbol zelaira. Hori ona edo txarra den jakiterik ez dago. Betiseko jokalariek grina handiagoa erakustea logikoa izango litzateke, baina presioaren zama jasanezina ere gerta daiteke jokalarientzat, eta orduan Osasunaren lasaitasunak seguru Betisen urduritasunari aurre hartuko diola.
«Helburua lortu izanak ematen digun lasaitasunarekin goaz, baina partidan buru-belarri sartzen asmatu egin behar dugu, halere, partida ona jokatzeko. Betisek asko estutuko gaitu, denboraldia baitaukate jokoan. Hargatik, sasoi honetan lehendabiziko aldiz futbolaz gozatzeko egoeran gaude gu orain, eta partida ona jokatu nahi dugu», esan zuen atzo Osasunako entrenatzaileak. Lasaitasun hori mesedegarria edo kaltegarria izango den ez daki Zigandak berak ere, ordea: «Nire jokalariak ondo ikusi ditut lanean azken egunetan, baina biharkoa [gaurkoa] gogorra izango da, asko estutuko gaituztelako Betisekoek. Partida hasieratik maldan gora jartzen bazaigu, ez dakit zer-nolako itxura emango dugun, baina bestela, minutuek aurrera egin ahala hazten joan gaitezke gu».
Osasuna hutsune garrantzitsuekin iritsiko da Loperako hitzordura. Soldado, Delporte eta Krutxaga min hartuta daude. Nekunam Iranen da hil honetan, Malaysian jokatuko den Asiako Kopa prestatzen, eta Milosevic, Corrales, Romeo eta Juanlu entrenatzailearen erabakiz geratu ziren atzo deialditik at. Deialdian Ion Erize eta Kike Sola sartu izana da aipagarria. Bigarren taldeko jokalariak dira biak.
VALDOK EZ DU AHAZTUKO OSASUNA. Lau denboraldi eta erdi Osasunan egin eta gero, Valdok alde egitea erabaki du. Datorren denboraldian non jokatuko duen ez du argitu Valdok, baina, dirudienez, Espanyolen arituko da. Esker oneko hitz ugari izan zuen atzo Valdok Osasunarentzat: «Lehen Mailan debutatzeko aukera zor diot Osasunari, eta eskertu egin nahi dut urte hauetan klubak, entrenatzaileek zein zaleek eman didaten babesa. Klub honen garairik onena bizi dudala esan daiteke, eta harro alde egingo dut. Eskerrak eman nahi ditut, inoiz ez ditut ahaztuko gorritxoak». Osasunak «eskaintza ona» egin ziola aitortu zuen, baina berak «beste zerbait» nahi duela. «Beste erronka batzuk» nahi dituela gaineratu zuen.
Urduritasuna, lasaitasunaren kontra
Salbatuta dagoenez, lasai ariko da Osasuna gaur, Betisen zelaian; horrek oraindik ez dio eutsi mailari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu