Caja Laboral Baskonia 90. Fenerbahce Ulker 85

Urduritasunean itota

Baskoniak ikaragarri sufritu du funtsezkoa izan daitekeen garaipena lortzeko, baina luzapenean menderatu du FenerbahceSan Emeteriok hartu du taldea bizkarrean, eta lagun izan ditu Milko Bjelica eta Oleson

Andoni Urbistondo.
2011ko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Caja Laboral Baskonia. Prigioni (11), Oleson (13), N. Bjelica (7), Teletovic (12), Seraphin (6)—hasierako bostekoa— Heurtel, Dragic, Ribas, San Emeterio (25) eta M. Bjelica (16).

Fenerbahce Ulker. Ukic (9), Onan (4), Gist (5), Sefolosha (13), Vidmar (6) —hasierako bostekoa— Jerrells (13), Savas (14), Demirel, Bogdanovic (19) eta Preldzic (2).

Markagailua. 16-14, 38-42 (atsed.); 54-60, 7-3-73; 90-85 (luzap.).

Epaileak. Jungebrand, Ryzhyk eta Maestre. Fenerbahceko Vidmar kaleratu zuten.

Bestelakoak. 8.144 ikusle Iradier Arenan. Elmer Bennettek omenaldia jaso zuen partidaren aurretik.

Garaipenak lortzeko hainbeste sufritu behar bada... Baskoniak ikaragarri sufritu zuen Fenerbahce menderatzeko, baina jakitun zen partidaren garrantziaz, eta aldats gora jarri zitzaion norgehiagokari buelta ematen asmatu zuen, garaipenari kutsu epikoa emanda. Baskoniari asko geratzen zaio, baina atzokoaren moduko garaipenekin egiten da talde bat indartsu, buruz sendo, eta arimaz kementsu. Lanik egin gabe, sufritu gabe arrakasta lortzea ezinezkoa dela dakielako. Pazientzia handia falta zaio arabarrei, eta une erabakigarrietan patxada apur bat. Urduritasunean itota ibili ziren partidako azken bi minutuetan, lana gogotik egin eta sei puntuko aldea lortu zutenean, baina ez zuten asmatu partida bukatzen, aurkariari itxaropenari kentzen.

Ez ziren gutxi izan Gescrap Bizkaiaren aurka gertatutakoa errepikatuko zela pentsatu zutenak. 73na berdindu zuelako Spahijaren taldeak, eta Baskoniak, partida erabakitzeko bi jokaldi izanda ere, ez zuen garaipena lotzen asmatu. Blokeoa eta jarraipenean baloia galtzeko zorian egon zen Prigioni, eta lau segundoren faltan Teletovic bilatu beste burutaziorik ez zuten eduki. Hiruko miragarriak sartzen dituen hura. Lehiaketako lehen hilabete eta erdian taldea bizkar gainean hartu eta garaipenak lortu dituena. Baina atzo eskas eta berekoi aritu zena, zaleak ernegatzeraino. Eta hari eman baloia. Sartu izan balu Saindu egingo lukete, baina atzoko azken baloiak ez zuen kapitainarentzat izan behar.

Askoz hobeto jardun zutelako San Emeteriok, Olesonek edo Milko Bjelicak. Luzapenean ere hiru horiek hartu zuten erantzukizuna, eta zorionez, ez zuten suspenserako tarterik utzi. 83-77koa lortu zuen Bjelicak hiru puntuko jokaldia gauzatuta bi minutu falta zirenean, eta han bukatu zen partida. Eskerrak! A multzoko liderra da berriro Baskonia, eta ligatxoa bukatzeko oraindik lau partida geratzen badira ere, nahiko panorama ona dauka Ivanovicen taldeak. Beste garaipen batekin Top 16ko txartela lortuko du, eta bi lortzen baditu, lidergoan bukatzeko modua izango du.

Tentsio ikaragarria

Partidak emozio eta intentsitate handia eduki zuen, baina ez zen ba, on-ona izan. Grisa, orokorrean. 16-14 bukatu zen lehen laurdena, eta azkar ikusi zen partida gogorra izango zela. Saskiratze bat lortzea lantegi zaila zen: besoak dantzan, gorputzak bultzaka, oztopoak mila... Asko zegoen jokoan eta Baskonian Seraphinek bakarrik argitu zuen iluntasuna. Sei puntu on saskiratu zituelako, baina baita lau asistentzia eder eman ere taldekideek hiruko garrantzitsuak sartzeko.

60-65 puntuko partida sumatzen zen, baina bigarren laurdenean partidatik atera zen Baskonia. Teletovic galduta, eraso aukera onak bilatzeko zailtasun mordoa izan zuen. Kantxaren bestaldean, Bogdanovicen talentua agertu zen. Jokalari puska da kroaziarra, eta hamaika puntu sartu zituen bata bestearen atzetik. Jerrells taldekideak ere laguntza ona eman zion, eta Sefoloshak hiruko zital bat saskiratu zuen laurdena bukatzearekin bat: 38-42 turkiarren alde.

Hiruko hamazazpi jaurtiketa, eta biko hamahiru. Betiko gaitza Baskonian. Fenerbahce egurrean bueltatu zen aldageletatik, eta 40-49 aurreratu zen. Nerbioak han eta hemen, baina San Emeterio agertu zen 25 puntu lortzeko, eta Olesonen bi eta hiru puntuko saskiratze pare bat. Zer esan Milko eta Nemanja Bjelicaren laguntzaz... Erabakigarria. Arnasa hartu lasai. Egina dago Top 16a.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.