Etxe zuriko bazterrak gehiago nahasteko zeregina izango du Realak gaur Bernabeun, hangoak urduriago jartzekoa. Real Madrilen hamaikakoak hutsune handiak izan arren, lantegia latza izango da, Philippe Montanierrek ohartarazi duen moduan. «Azken bi partidak berdindu ostean, are eta aurkari arriskutsuagoa espero dut. Edonola ere, guk gurea zaindu behar dugu, eta une oro bizirik jarraitzen ahalegindu, zer edo zer lortzeko aukera izateko».
Frantziarrak ezingo ditu zelairatu Elustondo eta Estrada, txartelengatik, eta gutxienez bi jokalari berri sartuko dira txuri-urdinen hasierako taldean: Cadamuro, atzeko eskuinaldean, eta, ziurrenik, Illarramendi, zelai erdian. Gehiago ere izan litezke. Anoetan jokatutako neurketan defentsako lanari eman zion erabateko lehentasuna, eta oraingoan ere gauza bera egingo duenez, ez litzateke harrigarria Demidov aingura lanetan ikustea. Formula horrekin trinkotu nahi izan zuen Real Madrilen erasoaren aurkako argudioa etxean, eta Montanierrek, behintzat, ez zuen zapuztuta amaitu. Aukeretako bat baino ez da hori, Illarramendik, Aranburuk eta Zurutuzak lasai asko joka dezaketelako elkarrekin.
Erasoan, berriz, txuri-urdinek azkenaldian ez dute eraginkortasunik eta zehaztasunik izan, eta ezinbestean atera beharreko tresnak dira. Mugikortasunaren alde eginez gero, erreferentziarik gabe jokatuko du, Vela, Griezmann eta Prietorekin. Hala ere, Agirretxe gabe, goleko bidea nabarmen iluntzen zaio Realari, eta ez dirudi usurbildarra kenduko duenik.
Jose Mourinhok Pepe, Ozil eta Lass Diarra galdu zituen Madrigalen —Sergio Ramosek jokatu ahal izango du azkenean—. Hala, Raphael Varane edo Raul Albiol kokatuko du atzealdearen erdian, Sergio Ramosen ondoan. Bien artean hamar neurketa baino gutxiago jokatu dituzte txapelketan. Madrildarren punturik ahulena izango da, agian. Izan ere, erasoan guda kanoiak jarriko ditu portugaldarrak: Benzema, Cristiano Ronaldo, Kaka eta Higuain. Joa, eraginkortasuna, sormena eta ziurtasuna neurketak erabakitzen diren eremuan. 69 gol sartu dituzte lau horien artean. Horri aurre egiteko, oldarkor jokatzea tokatzen zaie gipuzkoarrei, besteen hutsak baliatzen ez dagoelako zurien parekorik.
Turienzo Alvarez jomugan
Realaren aldean Real Madrilek ez daukala kexatzeko motiborik adierazi zuen atzo Montanierrek, eta beste behin ere eredugarria izan da txuri-urdinen portaera epaileei buruzko iritzia ematean. Zelaian jarri dute arreta osoa. Ez da gauza bera ikusi Bernabeu inguruan. Garrasi batean amaitu zuten Vila-realeko lehia, eta klubaren barrutik Miguel Pardeza futbol arduradunaren bidez zabaldutako mezuekin egur gehiago bota nahi izan dute sutara. Presio handia sartu nahi izan diote Turienzo Alvarez beteranoari, giroa gaiztotu nahi izan dute. Epailearen lana oharkabean igarotzen bada, futbola aterako da irabazle.
Urduritasunean sartu nahi du hatza
Real Madrilen zalantzak egiazkoak ote diren jakitea da Realaren gaurko helburu nagusiaDefentsako lanari emango dio garrantzia Montanierrek, Demidov agian euskarrian jarrita. Estradaren ordez, Cadamuro ariko da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu