Uribe-Etxebarria: «Ez naiz Urrutiaren arrastokoa, soilik bermeentzako»

Imanol Magro Eizmendi.
2018ko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Alberto Uribe-Etxeberria Athleticeko presidente izateko hautagaiak Josu Urrutiaren arrastokoa denik ukatu zuen atzo: «Josu Urrutia asko maite dut, historiak epaituko du, eta nik uste dut presidente handia izan dela. Baina ni ez naiz Josu Urrutia, haren arrastokoak garela esaten dute, baina bermeak lortzeko da hori bakarrik, erantzukizun ekonomikorako, eta hori abantaila handia da». Uribe-Etxebarria Urrutiaren zuzendaritza batzordeko kide izan zen haren legegintzaldietan, eta harekin egondako beste hamar kide ditu bere zerrendan.

Uribe-Etxebarriak bazkideen sinadurak biltzeko ireki duen aretoan hitz egin zuen, eta bertan, besteak beste, Jose Julian Lertxundi eta Jose Maria Arrate presidente ohien babesa jaso zuen. Hautagaia arlo ekonomikoaren arduradunetako bat zen aurreko zuzendaritza batzordean, eta taldearen altxortegiaren egoera goratu zuen. «Athleticen egoera ekonomikoa oso indartsua da. Nik pauso hau eman nahi izateak egoera ekonomiko horrekin zerikusia izango du. Bide batez, askotanmodu ez bidezkoan iraindua izan den egoera ekonomikoa. Ez dakit interes arraroengatik den edo ezjakintasunaren ondorio».

Kirol arloari dagokionez, Uribe-Etxeberriak aurreratu zuen ez duela «marra gorririk» eta iraganeko gauzek ezin dutela taldea baldintzatu: «Urtarrilean jokalariak fitxatzeko leihoa hor dago eta ez dut ezer baztertu nahi. Athleticentzat onenak diren erabakiak hartuko ditugu». Hamahiru kideko zerrenda egin du publiko, baina «gutxienez» hamazazpikoa izan dadin nahi du.

Elizegi berme bila

Aitor Elizegi da presidente izateko beste hautagaia, eta ostiralera arteko tartea du 19 milioi euroko bermea lortzeko. Atzo esan zuenez, ez da «erraza» izaten ari, baina baikorra da. Zalea ez duela pozik ikusten esan zuen, eta«euskal herritarrak zoriontsu egingo dituen Athletic bat» nahi duela. Aurre-hautagaitza aurkeztean Juan Carlos Erkoreka presidenteorde ohia izan zuen alboan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.