Aurtengo helburua iazko final-laurdenetako porrotaren oroitzapena ezabatzea izanen da lapurtarrentzat --Miarritzek Anoetan 6-7 galdu zuen Northamptonen kontra--. Horretarako, multzoko beste hiru aurkariei irabazi eta ahalik eta azkarren sakelaratu nahi du aitzina joateko txartela Miarritzek. Heineken Kopako lehen lau partidak azaroan eta abendu hasieran jokatuko ditu Miarritzeko hamabostak, eta lehiaketa hasiera horretan ez du huts egin nahi. Denboraldi hasieran, Marcel Martin Miarritzeko presidenteak Heineken Kopako finala jokatzea jarri zien helburu gisara entrenatzaile eta jokalariei. Hala ere, oraingoz inork ez du final-laurdena ez den beste ezer aipatu: «Klubaren helburua finala jokatzea da. Hala ere, jadanik final-laurdenetara sailkatzen bagara, ongi izanen da», dio Benoit August, gaur itzulera eginen duen aztalkariak.
Jacques Delmas lapurtarren entrenatzailea oraindik zuhurrago azaldu da: «Ez gaitezen hasi epe ertaineko perspektibak ezartzen. Top 14 hasiera zaila izan dugu. Lehenik gaurko partidari emanen diogu arreta. Gero, Saracens dator. Abenduko partidak eta final-laurdenak urrun daude».
ERASOA HOBETU. Mezua argia da. Miarriztarrek Viadanaren kontrako partidan dute burua. Italiarren kontrako estreinako partida horretarako, garaipena nahi dute Jacques Delmas eta Patrice Lagisquet entrenatzaileek. Paperean, Viadana da multzoko talderik ahulena. Ondorioz, erasoko puntu gehigarria, lau entsegu sartuta jasotzen dena, ez dirudi gailur garaiezina denik: «Lehenik irabaz dezagun. Eta gero puntu gehigarria etortzeko baldintzak baldin badaude, horren bila joanen gara» dio Dimitri Yachvili uztartze erdiak. Delmasek, hala ere, jokalariei puntu gehigarria lortzeko eskatu die astean. «Partida zaila izanen da. Heineken Kopan ez da partida errazik. Hori erranik, ezin dugu erran erasoko puntu gehigarriaren bila ez goazenik. Anbizio hori ukan behar dugu».
Helburua betetzeko, orain arte erasoan erakutsi dituen gabeziak gainditu beharko ditu Miarritzek. Top 14ko bi partida jokatu direlarik, entsegu kopurua hutsean dago oraindik xuri-gorrientzat. Erasoa izan da miarriztarren lan esparru nagusia aste osoan: «Joko kolektiboa landu dugu. Jokalarien egoerara moldatzeko gaitasuna, joko moten arteko bariazioa, inspirazioa... garatu behar ditugu», dio Delmasek.
Asteko menuan, beraz, 14-12ren kontrako joko aldiak, pase ariketak, zutik jokatzeko egoerak eta beste landu dituzte lapurtarrek: «Eskasen eta uztartzeen ondoren hasten ditugun joko abiatzeetatik harago joan behar dira jokalariak. Gure paper gaineko taktikek, taldea joko egoera batean kokatzea dute helburu. Egoera horretan nola jokatu, zutik egon, lurrera joan, pasea egin, baloia atxiki... horretan gaude ahul. Jokalariek ekimena hartu behar dute. Papereko egoerak bukatzean, behar den jokaldia burutzeko» erantsi du miarriztarren entrenatzaileak.
Miarritzeren kaltea, azken hilabeteetan haren jokoa goitik behera irakurria, landua izan dela da. Jokalariek egoera berriak sortzen ez dute jakin haien jokoa trabatu duten taldeen kontra. Ondorioz, erasoa usutan antzu gelditu zaie. Lehen aukera izanen dute gaur Italian, Delmasek aste osoan lanarazi dien iniziatiba, naturaltasuna... zelaian erakusteko.
VIADANA-MIARRITZE
Txapelketa: Heineken Kopako sailkapen fasea. Laugarren multzoko lehen jardunaldia. Viadana: Alonso, Ferraro, Rouyet, Bezzi, Geldenhuys, Harding, Birchall, Sole (kap.), McGrath, Pilat, Pedersen, Law, Talotti, Bortolussi eta Reid. Ordezkoak: Sciamanna, Moretti, redolfini, Waller, Pace, Erasmus eta Howarth.Miarritze: Coetzee, August (kap.), Avril, Thion, Dellape, Vahafolau, Hariñordoki, Cronje, Yachvili, Peyrelongue, Willemse, Traille, Fa'afili, Gobelet eta Brusque. Ordezkoak: Noirot, Lecouls, Carizza, Dridi, Cibray, Bosch eta Masi.
Lekua: Viadanako Luigi Zaffanella estadioa (3.000 ikusle).
Epailea: Peter Allan (Eskozia).
Orena: 14.30.
ParTIDa aTarIKo IrITzIaK
«Helburua sailkapena lehenbailehen lortzea da»
Benjamin Thiery
Miarritzeko jokalaria
«Viadanan partida zaila izanen dugu. Aitzinean oinarria segurtatu beharko dugu. Hala ere, irabaztera joanen gara. Lau entsegu egin eta puntu gehigarria lortzea ere ez legoke gaizki. Hemendik urtarrilera lau partida jokatuko ditugu, eta laurak irabazita, sailkapena bideratuta utzi nahi dugu».
«Partidaz partida joan behar dugu, pazientzia handiarekin»
Marcelo Bosch
Miarritzeko jokalaria
«Heineken Kopako lehen partida izanen dugu hau. Nire ustez, partidak bata bestearen gibeletik hartu behar ditugu, pazientzia handiarekin. Hori esanda, Viadanan irabazi nahi dugu. Puntu gehigarria ere beharrezkoa dugu. Horretarako, erasoan orain arte baino finago ibili behar dugu».
«Talde ahula eman lezake, baina Italian beti dira partida zailak»
Dimitri Yachvili
Miarritzeko jokalaria
«Askoren ustez, multzoko talde ahulena da gurea. Nire ustez, hala ere, tentuz aritu beharko dugu. Oinarrietan indartsu daude, eta haien ligako lehenak dira. Puntu gehigarriaren bila joan behar dugu, baina, horretarako, Briven erakutsi seriotasunaz gain, erasoan indar gehiago egin beharko dugu».
«Viadanakoek aitzinean indarra dute, eta hegaleko azkarrak»
Andrea Masi
Miarritzeko jokalaria
«Ongi ezagutzen dut taldea, han aritu bainaiz hiru urtez. Jokalari onak dituzte, Sole eta Robertson adibidez. Noski, aitzinean sendoak dira. Horrez gain, gibelean hegalekoek eta erdiko batek abiadura handia dute. Zeelanda Berriko eragina dute. Entrenatzaileak hangoak dira, eta jokalari anitz ere bai».
«Lehen partida da, gure jokoa martxan jartzeko baliatu behar dugu»
Jacques Delmas
Miarritzeko entrenatzailea
«Heineken Kopako lehen partida da. Gure jokoa martxan ezartzeko baliatu behar dugu. Briven errugbiaren oinarriak zaindu genituen. Orain joko programatuaz harago joateko behar diren bat-batekotasuna, norabide aldaketak, zutik jokatzea... landu ditugu. Jokalariek naturaltasunez jokatu behar dute».