Urratsez urrats dabil Montanier

Frantziarrak 50. aldiz zuzenduko du Reala etzi. Ezagut daitekeen estilo bat eman dio jokoari, eta harrobia du ardatz, baina ez du lortu aspaldiko joera gorabeheratsua zuzentzea, etxetik kanpoko txakalaldiaren ondorioz.

Donostia
2012ko urriaren 19a
00:00
Entzun
Iazko udan, Donostiara heldu bezain pronto ohartu zen Philippe Montanier (Vernon, Frantzia, 1964) Espainiako Ligak Frantziakoak baino buruhauste gehiago eragingo zizkiola. Boulogne eta Valenciennes aldeko lasaitasunera ohituta, harrituta geratu zen kazetarien aurrean etengabe eman behar izango zuen azalpen jarioa zela eta. Oraindik ere, haren lan moldeak ez du Anoetaren erabateko babesik, hein batean harmailarekin bat egitea lortu ez duelako. Edonola ere, bidean aurrera doa; aldagela barrutik ateratako haren aldeko mezuek Jokin Aperribai konbentzitu zuten unerik larrienean, eta etzi, Realaren 50. neurketa zuzenduko du. Orain arteko azterketarik zailenetarikoa izango du, gainera, Atletico Madrilek hala eskatuko baitu.

1. Etxeko bolada ona

Realeko entrenatzailearen zenbakiak aztertzeko garaian, Anoetako emaitzak bereiz litezke letra larriz. Etxean jokatutako azken hamasei partidetatik 11 alditan irabazi dituzte txuri-urdinek hiru puntuak. Estatistika horiek mahai gaineratuz gero, soilik Real Madrilek eta Bartzelonak onar ditzakete alderaketak. Behin eta berriz irabazten denean, ohituraz egiten da. Era horretara garaitu zituen denboraldi honetan Celta eta Zaragoza, aparteko nagusitasunik erakutsi gabe. Joan den denboraldian, besteak beste, Valentziari eta Malagari irabazi zien Realak —hirugarren eta laugarren izan ziren, eta Txapeldunen Ligarako sailkatu—, eta Bartzelona boteretsuaren aurka markagailua orekatzen jakin zuen kontrako bi golen aldea izan eta gero. Horrek esan nahi du, aurkari zuzenei edo maila bertsukoei irabazteaz gain, berez talde hobeak diren horientzat ere talde deserosoa dela Reala. Hain zuzen ere, Atletico Madrilek, Anoetako zelaia zapalduko duen hurrengo taldeak, lortu zuen garaipenik argiena aurreko sasoian, defentsa lan zurrun bati esker, Montanierrek zuzendutako taldearen jokoa lehortzen asmatu baitzuen. 0-4 nagusitu ziren espainiarrak, eta Falcaok hiru gol sartu zituen. Zubietan ez dute ahaztu partida hori. Gainera, Atletico Madrilen bisitak grina berezia pizten du inguru hauetan, arrazoi askogatik.

2. Etxetik kanpoko ezintasuna

Inork ezer leporatzekotan Montanierri, etxetik kanpoko emaitzen bolada txarra leporatuko dio. Aspaldiko gaitza da. Izan ere, Bigarren Maila atzean uztea lortu zuten sasoian neurketa bakarra baino ez zuten irabazi Anoetatik kanpo txapelketaren bigarren erdian: Cadizkoa. Hurrengo sasoian, Martin Lasartek zuzentzen zuen taldeak hamabost partida galdu zituen, gehienetan ahulezia handia erakutsiz. Entrenatzaile frantziarrak, ordea, ez du oraingoz horri aurre egiteko formula eraginkorrik topatu, porrot jarioa etengabea baita. Lehiakortasuna, batez ere, bi areatan neur liteke, arrisku eremuetan, alegia, eta Realak hutsegite asko pilatu ditu gauza onerako. Zimeldu egiten da, etxeko konfiantza erabat amaituko balitzaio bezala. Bere jokoa aurrera eramaten saiatzen da, eta momentu askotan lortu ere bai —Levante eta Betis mendean izan zituen minutu gehienetan—, baina ate aurrean ez du asmatzen; atzealdeko lana pitzatu egiten zaio jokaldi bereiziren batean, eta, azkenerako, kopeta belztuta itzuli ohi da etxera.

3. Antza Amorrorturen aroarekin

Diru faltagatik, multzoa berregituratzeko erabakia hartu zuen zuzendaritzak 2004an, Jose Luis Astiazaran buru zuela. Plangintza berriaren oinarrian harrobia jarri zuen. Horretarako fitxatu zuten Jose Mari Amorrortu entrenatzaile posturako, gazteei bultzada emateko zalantzarik ez baitzuen izango, denborak frogatu moduan. Asier Riesgo, Mikel Labaka, Iban Zubiaurre eta Imanol Agirretxe deustuarrarekin azaldu ziren lehen aldiz, eta beste hasiberri askori tokia egin zien hamaikakoan; besteak beste, Xabi Prieto, Gari Uranga, Mikel Alonso, Javi Garrido eta Gorka Larreari. Amorrortuk aulkitik zuzentzen zuen taldeak lehen 50 neurketetatik hemeretzi irabazi zituen, hamar berdindu eta 21 galdu. Montanierrek bi garaipen gutxiago daramatza neurketa baten faltan, baina ia datu berberak dituzte biek. Gora eta behera egin arren, aise eutsi zion bilbotarraren Real gazte hark mailari. Merituzko bidea egin zuen, ziurrenik behar bezalako aitorpenik jaso ez duena. Lana gauzatzeko astirik izan gabe kendu zuten Amorrortu, egoera okertzen hasi eta gutxira. Are gehiago okertuko zen gerora, iparra guztiz galdu zenean. Egungo arduradunek ere haztegian jarri zuten begia agintea hartu zutenean, eta horri lehentasuna emateko aukeratu zuten Montanier. Frantziarra egiten ari denarekin gustura daude. Lehen itzuliaren amaieran pilatuko ditu argudio bilakatzeko datu gehiago. Ibilbide horretako erronka nagusia etxetik kanpoko emaitzak itxuratzea izango da, batik bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.