Urrea nahi, eta harria jo

Eibarrek norbait fitxatu beharko du neguko merkatuan, eta finago ibili beharko du, iragan hurbilean ez baitu begia zorrotz izan.

Jota Peleteiro, baloiarekin, 2016ko otsailean. Erdilari galiziarra 2015-16ko denboraldiko neguko merkatuan iritsi zen Eibarrera. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Aitor Manterola Garate.
2017ko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Futbolak aukera ematen die taldeei emaitza txar bat oso azkar gainditzeko, hurrengo partidari esker. Eta futboleko legeek aukera ematen die taldeei neguko merkatuan indartzeko, emaitzak onak ez badira ari izaten. Eibarri 11 partida eman dizkio futbolak egoera zuzentzeko, baina azken-laugarren jarraitzen du, jaitsieratik bi puntura. Gabonak bitartean, beste sei izango ditu kontuak bideratzeko, eta erabakigarriak izango dira ligaren bigarren erdian non eta zertan ibiliko den zehazteko. Taldea indartzeko aukera ere izango du, neguko merkatuaren aldian, eta ematen du mugimenduak izango direla

Betis dator astelehenean Ipuruara; Alaves, Espanyol, Getafe, Valentzia eta Girona ondoren. Horra sei partidako multzoa. Oraingo jokalariekin egin beharko die aurre Eibarrek talde horiei guztiei, eta ematen du hortik aurrerakoei beste batzuk gehituko direla, eta baita daudenetako batzuk kendu ere, agian.

Laugarren denboraldia du Lehen Mailan Eibarrek, eta, aurrekoan izan ezik, beste neguko merkatu guztietan ekarri izan ditu jokalari berriak Fran Garagarza kirol zuzendariak. Eta, gehienen kasuan, etorri izan ez balira ere antzeko izango zen, ikusirik nolako ekarpena egin zioten taldeari.

Lehen Mailako lehen denboraldian, Rafa Paez erdiko atzelaria etorri zen, baina etorri orduko joan zen, klubak ez zituelako behar bezala bete legearen bideak. Berandu ibili zen, eta Liverpooleko erdiko atzelariak ezin izan zuen jokatu Eibarren. Raul Albentosak taldea utzi zuen Ingalaterrako Derby Countyra joateko, eta haren zuloa betetzekoa zen Paez. Borja Fernandezek jokatu ahal izan zuen, baina euskarri beteranoaren maila apala izan zen.

Bigarren denboraldian, Jose Luis Mendilibarren aurrenekoan, Josip Radosevic kroaziarra ekarri zuen Eibarrek Napolitik, utzita. Baina ez zuen asko jokatu ahal izan. Ion Ansotegi ere ekarri zuen Eibarrek, Realetik, eta jokatu zituen partida batzuk ligaren bigarren erdian. Jota Peleteiro ere heldu zen, baina aurreneko aldian eman zuenaren laurdena ere ez zuen eman. Egun taldean dagoen Kike Garcia aurrelaria ere orduan heldu zen, baina berriz ere kale egin zuen klubak bulegoko kontuetan, eta denboraldi erdia jokatu ezinda igaro zuen; entrenatu bakarrik egin ahal izan zen.

Orellana, Mere, Albentosa...

Hilabete eta erdi falta da neguko merkatua zabaltzeko, eta han izango da Garagarza sarea botata. Halakoetan ohikoa izatea den bezala, izen dantza plazan da, eta oso indartsu zabaldu dena Fabian Orellana Txileko erdilariarena izan da. Valentzian dabil, baina ibili baino gehiago, geldi dago, ez baitu jokatzen. Eibarrek berehala ekarri nahi zuen, baliatuz Fran Ricoren lesio luzea, eta haren lekua betetzeko, baina Ligak ez dio utzi. Ikusi egin beharko da merkatuaren barruan txiletarra Eibarrera etorriko den edo ez.

Aurrelarien atzetik eta hegaletatik joka dezakeen jokalari baten bila ibiltzeaz gain, erdiko atzelari indartsu bat ere nahi omen du klubak. Nahiz eta lau milioi euro ordaindu udan Paulo Oliveira portugaldarra ekartzeko, ez da ari maila ematen, eta beste zerbait behar du taldeak. Bi izen azaldu dira: Jorge Mere eta Raul Albentosa. Kolonian dabil Mere, eta ez da ari asko jokatzen. Baina alemaniarrek hamar milioi euro ordaindu zizkioten Sporting Gijoni udan, eta nekez salduko du dirua galtzeko. Utzita etortzea litzateke beste aukera. Albentosa ezaguna da Ipuruan, eta, Deportivon jokatzen ari ez denez, Eibarrek aukera gisa ikus dezake haren itzulera.

Balizko fitxaketei lekua egiteko, agian taldeko jokalariren batek edo bestek beste bideren bat hartu beharko luke. Hautagaien artean bat nabarmentzen da: Ruben Peña. Bigarren sasoia du taldean, eta ez du erakutsi Lehen Mailako jokalaria denik oraindik. Oso gutxi ari da jokatzen, eta berak ere agian nahiko du beste talderen batera joan, bere burua erakutsi eta partidak jokatzeko.

Beberen izena ere mahai gainean egon daiteke taldea utz dezaketen balizkoen zerrendan. Izenen dantzaren gainetik, garbi dago Garagarzak asmatu egin beharko duela, eta udan baino zorrotzago jarri beharko du begia. Betiere kontuan izanda, neguko merkatuetan, arriskua dagoela urre bila joan eta harri koskor handiak aurkitzeko, Eibarrek berak ikusi izan duen moduan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.