TXIRRINDULARITZA. ESPAINIAKO VUELTA

Urreak sufritzen badaki

Santi Perezek eta Herasek igoera ikusgarria egin zuten Navacerradan; Perezek atzean utzi zuen liderra, baina 30 segundo bakarrik irabazi; 43ra du orain Heras; Phonakeko Gutierrezentzat etapa

Andoni Urbistondo.
2004ko irailaren 26a
00:00
Entzun
Roberto Heras dohain handiko txirrindularia da. Igotzaile aparta izaki, ikuskizuna ematen duerrepidea zerura begira jartzen den bakoitzean, baina Navacerradan gora Herasengan gutxitan ikusi den dohainak eman zion urreari eusteko indarra, adorea: sufrimenduak.

Heras bizi-bizi, arin-arin igotzen denean gozatzen dugu ikusleok harekin. Sufritu gabe, gozatu doala dirudi, erraz, bizikleta dantzan ezker-eskuin. Ikuslearentzat gozamena dena, txirrindulariarentzat sufrimendua, nekea da. Aldapa piko bat 23-25 kilometro orduko abiaduran igotzea mundu guztiarentzat baita nekagarria, baita munduko karrerista onenentzat ere.Navacerradan gora ere lehertzear izango zuen bihotza, martxa azkarrean zihoalako berez, baina batez ere Santi Perezen pedal kolpeak, erritmo itoak jarri zuen sutan Herasen bihotza. Gutxitan sufritu duen bezala sufriarazi zion Perezek Herasi, baina sufritzen dakielako dago lider, sufritzen dakielako irabaz dezake gaur Madrilen Vuelta, hirugarrenez.Perezek eta Herasek ikuskizun aparta eskaini zuten Navacerradan gora. Igoera bikaina egin zuten, emozioz betetakoa. Hordagoa bota zion Perezek liderrari, helmugarako lau kilometro pasatxo falta zirela. Haren erasoa beldurgarria izan zen. %8ko pendiz tentean plater handia sartu eta aurrera egin zuen, 30 kilometro orduko abiaduraz goiti. Heras bakarrik irten zen haren bila. 200 bat metroan Perezengandik bizpahiru metrora aritu zen Heras, eman eta eman, atseden, arnasa pixka bat emango zion gurpilaren, babesaren bila. Justu-justu lortu zuen, baina jipoi handia hartu zuen ahaleginean. Ahoa zabal-zabal eginda zuela zihoan Heras, aurpegian neke, ezintasun keinu nabaria zuela.

30 segundo helmugan, 43ko atzerapena sailkapenean

Perezen erritmoari eusten saiatu zen Heras, baina itsutu egin zen. Behartuta zihoan, eta, helmugarako bi kilometro eta erdi falta zirela, amore eman zuen. Santi Perezen arrastoa galdu zuen, baina erabaki zuzena hartu zuen. Itzel sufrituz, baina bere martxan egin zuen igoera, eta lehertzea, minutu zakua galtzea, Vuelta galtzea saihestu zuen modu horretan.

Perez indartsuago zihoan, eta ahalik eta segundo gutxien galtzen saiatu zen. Arnasa hartu zuen minutu batean, indarberritu, eta barrenhustu gero. Hankekin eta buruarekin egin zuen aurrera liderrak, Perez non zegoen ez baitzekien. Phonak taldekoak irabazitako segundo kopuru zehatza jakin gabe iritsi zen helmugara Heras, lehertuta.Herasek 30 segundo galdu zituen, eta 43 segundoko aldeagatik eutsi zion urrezko maillotari. Madrilgo 28 kilometroko erlojupekoa bukatu arte bizi-bizi egongo da emozioa, baina ezusteko handi samarra litzateke Perezek Herasi Vuelta lapurtzea. Igotzaileak dira biak, baina erlojupekoetan hobeto moldatzen da Heras. Valentziakoan, 1.52 kendu zion Herasek Perezi. Orduan Perez bete-betean ez zela aritu diote haren aldekoek, sailkapenean aurrean sailkatzeko itxaropenik ez zuela, eta lasai egin zuela etapa. Indartsuago ari da azken astean Perez, baina Herasek eskarmentua du alde: ez da egoera berean dagoen lehen aldia. Sufritzen dakien bezala daki une erabakigarrietan erantzun ona ematen.Sufritzen dakien beste batek, Mancebok, sailkapeneko hirugarren postua lortu zuen Valverderen kaltean, eta koska bat gorago igotzen saiatuko da gaur. Ez du lan samurra. 1.36ko aldea du Perezek.Etapa Perezen taldekide batek irabazi zuen, Enrique Gutierrezek. Baque ibili zen etapa irabazi nahian, Cardenasekin, baina kolonbiarrak kale egin zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.