Itzala egin beharko lioketenen artean daude Gustav Larsson suediarra, Tony Martin alemaniarra eta Richie Porte australiarra. Iaz, Mendrision (Suitza), Larssonek lortu zuen zilarrezko domina, eta Martinek brontzezkoa. Hori bai, Cancellarak 1.27 minutuko aldea atera zion suediarrari, eta 2.30ekoa alemaniarrari. Porte, berriz, 25 urterekin, behetik gora dator, eta aurtengo Italiako Giroan, adibidez, seigarren sailkatu da.
45,6 kilometro dauzka erlojupekoak -Geelong hirian prestatutako 22,8 kilometroko zirkuituari bi itzuli eman beharko dizkiote-, eta hasiera da bereziki gogorra. Lauak dira lehen 4,5 kilometroak, errepideko probako ibilbide berbera egingo dute hasieran; baina Mount Pleasand kaletik barrena, %9-12 arteko pendizak izango dituzte hurrengo bi kilometroetan. Atseden hartzeko jaitsiera txiki bat dago tartean, baina nahiko itoak dira bi kilometro horiek.
6,6. kilometroan bat egiten du ibilbideak berriz ere errepideko zirkuituarekin, eta Eastern Beachera bidean 400 metroko aldapa bat besterik ez dauka ibilbideak. Hortik aurrera teknikoa da erlojupekoa -bi aldapa txiki ere badaude tarte horretan-, eta espezialistek zati horretan lor dezakete aldea. Azken kilometro eta erdian 600 metroko jaitsiera txiki bat dauka ibilbideak, eta azken 200 metroek goranzko joera txiki bat daukate.
Azken garaileak
1998. Abraham Olano (E.H.).1999. Jan Ullrich (Alemania).
2000. Serii Hontxar (Ukraina).
2001. Jan Ullrich (Alemania).
2002. Santiago Botero (Kolonbia).
2003. Michael Rogers (Australia).
2004. Michael Rogers (Australia).
2005. Michael Rogers (Australia).
2006. Fabian Cancellara (Suitza).
2007. Fabian Cancellara (Suitza).
2008. Bert Grabsch (Alemania).
2009. Fabian Cancellara (Suitza).