Mikelek baino ez zuen Olazabalengan sinesten, baina hori zen bultzadarik garrantzitsuena, norberarena. Buruz buruko txapelduna aurrean izan arren, Aresoko gaztea ez zen kikildu, eta hortzak erakutsi zizkion lagun minari. Ez zen ezkutatu, airez jokatzen saiatu zen, erritmoaren bila aritu zen, eta ondo baliatu zituen aurkariaren kirioak. Bizitzak zauriz josi dio gorputza, eta horren ondorio Olazabalek beti dio pilota gozatzeko dela, eta atzo bere ibilbideko lehen egun handia eduki zuen. Hurrengoa larunbatean izaten saiatuko da, Kokaren aurka, Iruñean.
«Inork ez zuen niregatik zentimorik ematen, baina nik banekien nire jokoa egiten banuen ustekabea eman nezakeela». Egia da, inor gutxik sinesten zuen berarengan, apustuzaleek ez behintzat. Berak, ordea, bai; eman zuen zentimo bat bere alde, urre gorrizkoa, konfiantza puztu eta konplexuak aldendu zizkiona. Bikain sakatzen hasi zen, luze eta gogor, eta piloteoan airez jokatzen saiatu zen. Bikaina ezker airez paretan luze jotakoa. Hor irabazi zuen partida, Bengoetxea kontrapausoan harrapatzen (0-7).
Bengoetxeak, berriz, oso une gutxitan jokatu zuen eroso. Kontrarioaren pilotak ernegatu egin zuen. Lasaitu zenean tanto gutxi batzuk egin zituen (3-7), baina Olazabalek berehala itzuli zion kolpea (4-12). Leitzarra buruz buruko txapelketan erabilitako zepoan jausi zen, erritmoan. Olazabalek hirugarren koadroan irabazi zion partida, airez sartu eta arriskatuz. Sake errestoan ere airea bilatu zuen. Zentzuko arriskua zen, ordea, abilezia eta konfiantza uztartzen dituena.
Bengoetxeak ez zuen ondo jokatu. Atzetik joatearen urduritasunak ez zion zehatza izaten utzi. Ez zuen tanto asko galdu, baina bai pilotakada txar asko jo: txokoan dejada harroak, gutxi zabalduriko pilotak... eta Olazabalek guztiak baliatu zituen. Aresokoak 15 tanto egin zituen, eta bakarra galdu. Dejada harroei paretan luze jota erantzun zien, eta zabalean aurkitu zituen aukerako pilotak ondo gurutzatu zituen.
Bi pilota, bi mundu
Bengoetxea bederatzi tanto atzetik zenean hasi ziren artekariak dirua parean eskaintzen. Susperraldiaren itxaropena bizirik zegoen, eta bere pilota atera zuenean txapelduna asko hurreratu zen (13-15). Lepotik behera zihoan izerdi hotza lehortu, eta sakeari eta pilota astunari esker hondamendia eragotziko zuela zirudien.
Ez zen hala izan, baina, Olazabalek arriskatuz sakea berreskuratu baitzuen, eta orduan iritsi ziren Bengoetxearen hutsak. Azken txanpan saketik hiru tanto jaso eta bi pilota galdu zituen, eta 13-17koarekin ez zuen baliatu erabat menpean zuen piloteoa. Olazabalek ihes egin zuen (13-21), etaazken hutsak txapeldunaren oldarraldi txikia zapuztu zuen.
Bengoetxea VI.a 16
Olazabal 22
Iraupena. 48 minutu.
Pilotakadak. 242
Saketik. Bengoetxeak 6; Olazabalek 7.
Markagailua. 0-7, 3-7, 3-8, 4-8, 4-12, 6-12, 6-15, 13-15, 13-21, 16-21 eta 16-22.
Bestelakoak. 400 ikusletik gora elkartu ziren Tolosako Beotibarren, horien artean Leitzako pilota eskolako 30 ume. Apustuak 100-20ri (1.000-50i behetik) irten ziren Bengoetxearen alde.
Urrezko zentimoa
Olazabalek ausart jokatu eta ustekabe handia eman du buruz buruko txapelduna lau t'erdikotik kanporatuta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu