Urriko bigarren asteburuan hasiko da liga; lehen derbia, abenduan

2012ko otsailaren 16tik 19ra jokatuko da Kopa, Bartzelonan, eta maiatzaren 17an hasiko dira ligako kanporaketak

Andoni Urbistondo.
Donostia
2011ko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
Endesa-ACB ligako kudeatzaileek atzo osatu zuten 2011-2012 sasoiko behin betiko egutegia, talde guztien eskaerak aintzat hartuta. Urriko bigarren asteburuan hasiko da liga, 8an eta 9an, Bilbok Superkopa hartu eta astebete geroago. Neurketa erosoak izango dituzte hiru euskal taldeek. Lagun Arok Obradoiro igo berria hartuko du Illunben, Baskoniak Sevillako Cajasol, eta Bilbo Basketek hegazkina hartuta ekin beharko dio, Txus Bidorretaren Lucentum Alacanten aurka.

Bi hilabete luze pasa beharko dira lehen euskal derbi bat ikusteko, 10. jardunaldian jokatuko baita Baskonia eta Lagun Aroren artekoa, Gasteizen. Abenduaren 4an izango da, normalean, igandez. Egutegia, dena den, apetatsua izan da, eta sasoiko lehen euskal derbia lehenago jokatzea eragin du. Litekeena da Superkopan jokatzea, irail bukaeran. Hala ez bada, ziurra da Euroligako ligatxoan elkarren aurka jokatuko dutela Bilboko eta Gasteizeko taldeek, Gasteizen, azaroaren 15ean edo 16an.

Beste egunak ere jakinarazi ditu ACB ligak, eta ondo gordetzea komeni, bidaiaren bat egiteko. Koparen kasuan, batez ere. 2012ko otsailaren 16tik 19ra jokatuko da, Bartzelonan, eta ohiko legez, lehen itzulia zazpi onenen artean bukatzen duten taldeek parte hartuko dute. Pentsatzekoa da Baskonia eta Bilbo Basket Bartzelonan izanen direla. Titulua lortzeko kanporaketak maiatzaren 17an hasiko dira. Ekainaren erdialdean jakingo da zortzi hilabete lehenago hasitako txapelketaren garailea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.