Kutxa buruz buruko erremonte torneoa oso orekatuta dago, final-laurdenetako ligaxkan parte hartzen ari diren lau pilotariek dutelako finalerdietan sartzeko aukera. Azken jardunaldia erabakigarria izango da, eta bertan erabakiko da zeintzuk sailkatuko diren. Atzo, Urrizak mendean hartu zuen Zeberio II.a (30-25), eta horrenbestez, hark du sailkatzeko aukera handiena.
Ezusteak emanez, hasieratik aurrea hartu zuen Urrizak (3-8). Une horretatik aurrera, aldea kudeatzen jakin zuen, eta urduritasunik gabe aritu zen. Hiru eta zazpi tantoko tarteak izan zituen partida guztian. Nafarrak sakearekin ohi baino arazo gutxiago izan zituen, eta errestoan ondo aritu zen. Gainera, ongi ibili zen atzealdean, pilotari abiada emateaz gain, tantoak amaitzen jakin zuen (16-25). Zeberio II.a ezinean zebilen, eta torneoan jarraitzeko ahalik eta tanto gehien egiten ahalegindu zen azken txanpan.
Azken tantoetan, garaipena gertu ikusita, urduritasuna sumatzen hasi zen Urriza, eta Zeberio horretaz baliatu zen markagailuan gehiago hurbiltzeko (25-27). Halere, sakea berreskuratu bezain laster, amaitu zuen, bi tanto egin baitzituen berehala.
Atzoko garaipenarekin, Urrizak asteleheneko partidan 20 tanto nahikoak izango ditu finalerdira igarotzeko. Zeberiok ere erraz du sailkapena, bihar Utergari 30-23 irabaztea nahikoa izango baitu. Zailago dute Urrutiak eta Utergak, bi partidak galdu dituztelako. Lehenak 30-19 irabazi beharko dio Urrizari, eta bigarrenak, Zeberio II.ari alde handiz irabazteaz gain, Urrutiari ere irabazi behar dio. Halere, emaitzen zain egongo litzateke.
Urrizak pauso handia eman du Zeberio II.a mendean hartuta
Nafarrak ustekabea eman du (30-25), eta eskura du buruz buruko txapelketako finalerdietarako txartela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu