Ehun maratoi hanka zoletan

Ehungarren maratoia jokatuko du asteburu honetan Romain Purrok. Donostian egingo ditu 42,195 kilometroak, ehungarren aldiz. 1997an egin zuen aurreneko maratoia, eta 26 urteko ibilbidea errepasatu du.

ROMAIN PURRO
Romain Purro Donostiako Ondarreta hondartzan GORKA RUBIO / FOKU
Beñat Mujika Telleria.
2023ko azaroaren 25a
05:20
Entzun

Euskal Herriko edozein herri lasterketatan edo munduko maratoirik ospetsuenetan. Berdin dio non, nola eta noiz. Horietako askotan parte hartu du Romain Purrok (Lausanne, Suitza, 1977) 26 urteko ibilbide luzean. 42,195 kilometro falta zaizkio 4.219,5 kilometrotara heltzeko. Edo, beste modu batera esanda, azken maratoia gelditzen zaio bere bizitzako ehungarrena egiteko. Donostiako maratoian lortuko du, asteburu honetan. Plazerak mugitu du han-hemenka urte hauetan guztietan, eta oraindik munduko txoko eta lasterketa asko ezagutu nahi ditu.

Haur askok izan duen haurtzaroa izan zuela nabarmendu du Purrok. Kirolaria eta kirolzalea zen, eta eskolan futbolean aritzen zen kideekin. Bertan ikusi zuen lasterka egiteko gaitasuna zuela. Lehenengo maratoia 1997an egin zuen, Erroman. Gero, beste asko egin ditu bata bestearen atzetik. Lorpenik handiena, akaso, sei majorrak burutzea da; adituen ustez, munduko sei maratoirik onenak, alegia: Tokiokoa, Bostongoa,Londreskoa, Berlingoa, Chicagokoa eta New Yorkekoa. Guztira, 99 aldiz gurutzatu du helmuga maratoi batean. Hala ere, ehunera iristea ez omen da buruan zeukan erronka bat. «Denbora aurrera joan ahala, maratoiak bata bestearen atzetik eginez joan nintzen. Hirurogei inguru egiten dituzunean hasten zara pentsatzen ehunera iristea zer izango litzatekeen. Baina hasieran ez nuen horretan pentsatu ere egiten», aipatu du.

26 urte horietan, baina, asko aldatu dira maratoiak. «Argazkiak ikustearekin bakarrik nahikoa duzu», aitortu du Purrok: «Arropak, oinetakoak, teknologia berriak, sare sozialak... aldaketa oso handia izan da. Jende aldetik ere geroz eta gehiago dira maratoietan parte hartzen dutenak. Maratoiak erakargarriak dira, batez ere bidaiengatik. Jende askok bidaiatzen du maratoiak egiteko soilik». Hala ere, ez dira maratoiak bakarrik aldatu. Purro ere, beste korrikalari guztiak bezala, urteak betez joan da, eta, horrekin batera, korrika egiteko estiloa eta lasterketetako helburuak ere desberdinak dira gaur egungoak eta duela urte batzuetakoak. «Estrategia aldetik, geroz eta gutxiago begiratzen diot erlojuari. 11 aldiz amaitu dut maratoi bat hiru ordu baino azkarrago, baina gaur egun badakit ez dudala hori egingo. Nire helburua nire onena ematea da».

Hainbeste urtetan maratoiak egiteko, prestaketa on bat izan behar du; nola ez. Gaur egun garrantzi handia daukate prestaketak, elikadurak eta atsedenak. Hala ere, Purrok nahiago du gehiegi ez entrenatu: «Gaur egun hiru eguneko prestaketa egiten dut astean. Asteazkenetan, ostiraletan eta igandeetan ateratzen naiz lasterka; beti kalean. Igandeetakoa izaten da desberdinena. Batzuetan, entrenamendua egiten dut; beste batzuetan, aldiz, herri lasterketaren bat. Gehiegi ez entrenatzen saiatzen naiz, fisiko aldetik lesioak edo nekeak saihesteko».

Ehungarren maratoia Donostian egitea ere ez da zoriaren kontua izan. Ehungarrena non egin pentsatzen aritu zen, zenbaki hartara iritsi behar zuela ikusi zuenean. Hasieran, Atenasen egitea pentsatu zuen, baina, azkenean, ehungarrena Donostian egitea erabaki du. 2011n iritsi zen Purro Gipuzkoako hiriburura. Orduz geroztik bertan bizi da, eta Donostiako maratoia du kuttunetako bat; hamahiru aldiz egin duen lasterketa bat da, eta bertako hamalaugarrena izango du bere bizitzako ehungarren maratoia. «Ehungarrena lagun artean egitea ederra izango litzatekeela pentsatu nuen, eta horregatik hartu nuen erabakia. Gurea kirol bakartia da. Ohikoa da bakardadea sentitzea; batez ere entrenamenduetan. Baina nik gustuko dut. Igandeetako lasterketak, baina, lagun artean egiten dira. Eta lasterketen bidez lagun berri asko ere egiten dira. Hori da gure kirolaren ederrena».

Maratoiez gain, herri lasterketetan parte hartzeko ohitura dauka Purrok. Betiko ilusio berarekin, eta entrenatzen jarraitzeko helburuarekin. Erlojuari gehiegi begiratu gabe, baina lasterketa onak egin nahian. Aurten, 2023an, 33 herri lasterketatan hartu du parte orain arte. Iaz, 2022an, 38 egin zituen guztira. Hala ere, ez die zenbakiei garrantzirik ematen. «Lasterketa bakoitza ezagutzea gustatzen zait, eta gozatzea».

Zenbakiei garrantzia eman nahi gabe ere, hainbeste lasterketetan parte hartzea erronka handia da. Eta ez fisikoki soilik. Lanarekin eta oporrekin uztartzen jakin behar den zerbait da. Jakin ezean, berehala galtzen baita motibazioa. «Denbora behar da dena antolatzeko. Batzuetan oso zaila da denerako denbora izatea. Baina, adibidez, abuztuan ere parte hartu daiteke zenbait maratoitan. Tokiak ere inportantzia dauka, bidaia luzeak edo motzak egiteko. Prestaketa bat eskatzen du, baina ez nuke sakrifizio hitza erabiliko. Bizitzaz gozatzeko modu bat da».

Kontakizun ugari

Bidaia adina istorio ditu kontatzeko Purrok. Zirraragarriena, akaso, Bostongo maratoian bizi izandakoa da. Bostongo 2013ko maratoian atentatua izan zen helmuga inguruetan. Zaleek pairatu zuten erasoa, batez ere. Hiru pertsona hil eta 282 gora zauritu ziren. Bertan parte hartu zuen Purrok. Ordurako lasterketa amaituta bazeukan ere, inoiz ahaztuko ez duen eguna da apirilaren 15a. «Erasoaren unean nik lasterketa amaituta neukan. Aterpetxean nengoen, eta helikoptero ugari ikusi genituen bat-batean. Lasterketa gainbegiratzeko zirela uste genuen. Baina Barack Obama telebistan ikusi genuen, eta hor ohartu ginen gertatutakoaren larritasunaz. Nire erreakzioa gertukoei hots egitea izan zen, larritu ez zitezen. Asko markatu nauen gertakizun bat da, eta betirako gogoan izango dut».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.