Asko falta da oraindik Munduko Kopa hasteko. Sei hilabete eta bost egun, zehatz-mehatz. Urrun geratzen da, hortaz. Eta Euskal Herritik urrun, oso urrun, dago Hegoafrika. Han jokatuko da, hain zuzen, 2010eko aldia, hemeretzigarrena. Halere, jada gertu sentitzen da futbolaren eta ia-ia kirolaren lehia nagusia. Izan ere, multzoak zozkatu zituzten atzo Lurmutur Hirian. Hortaz, zehaztu dira partidak. Erabaki da zein estadiotan jokatuko diren, eta argitu kanporaketetako norgehiagokak. Poztu dira selekzioetako kide batzuk, urduritu besteak, eta atsekabetu, nola ez, bakanen bat. Urrun geratzen den arren eta lehia hasteko sei hilabete falta arren jada gertu sentitzen delako.
Multzoen egituraketari begiratuta, badiduri G multzoa dela denetan gogorrena. Brasil Munduko Kopa bost aldiz irabazi duena, Portugal Cristiano Ronaldoren selekzioa eta Boli Kosta ariko dira nor baino nor, baita Ipar Korea ezezaguna ere. Final-zortzirenetako bi txartelak garesti salduko dira. Brasilek eta Portugalek Boli Kostak baino talde hobea daukate, baina afrikarrek badituzte goi mailan dabiltzan jokalari asko: Drogba, Kolo eta Yaya Toure anaiak, Eboue, Romaric, Zokora...
Multzo horretatik sailkapena lortzen duten selekzioak, H multzokoen kontra ariko dira final-zortzirenetan. Eta multzo horretan dago, hain zuzen, Espainia, Europako Txapelduna, sailkapen fasean partida guztiak irabazi dituena. Txilek estu har dezake Vicente del Bosquek zuzendutako selekzioa, baina ez dirudi Hondurasek eta Suitzak gauza bera egingo dutenik.
Italia 2006ko txapeldunari, berriz, multzo erraza tokatu zaio itxuraz. Eslovakiak debuta egingo du Munduko Kopan,eta Zeelanda Berria selekzio oso xaloa da. Paraguai, aldiz, ondo sailkatu da, baina Italia baino gutxiago da. Alemaniaren multzoak, berriz, itxura polita dauka: Australia ondo aritu zen 2006an, Radomir Anticek zuzendutako Serbia selekzioa gogorra da, eta erne afrikarrekin, Ghanarekin. B multzoan, 1994ko Munduko Kopan D multzoa osatu zutenetako hiru daude: Argentina, Grezia eta Nigeria. Kasualitatea. Lehen partidan Hegoafrikak eta Mexikok neurtuko dituzte indarrak, finala jokatuko den toki berean.
Urrun egon arren, gertu sentitzen da
Munduko Kopako zozketa egin dute, eta badirudi G multzoa dela denetan gogorrena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu