Athletic

Urrutia: "Aire freskoa behar genuen, hasiera berri bat"

Kuko Zigandak ez du Athleticen jarraituko, ezta Lezamako barne azpiegituran ere. Taldea orain hasiko da entrenatzaile berriaren bila.

Imanol Magro Eizmendi.
2018ko maiatzaren 10a
18:24
Entzun

Kuko Zigandak ez du Athletic zuzentzen jarraituko. Jakina zena gaur baieztatu du Josu Urrutia presidenteak entrenatzailearekin batera emaniko prentsaurrekoan. Urrutiaren hitzetan, «aire freskoa» bilatu dute: «Hasiera berri bat behar genuen». Zigandak, bere aldetik, erabakia ulertu du: «Ez gara erregularrak izan, Betis, Celta edo Vila-realen aurkako partida gehiago jokatu izan bagenitu gaur ez nintzateke hemen egongo. Ez naiz kapaza izan talde honek duen maila guztia zukutzeko».

Zigandak beste urtebeterako kontratua zuen, baina taldeak harrekin ez jarraitzea erabaki du. Zuzendaritzak harturiko erabakia da, Ziganda postuan jarraitzeko indarrarekin ikusten baitzuen bere burua, baina higatuta. «Denboraldia kale egiteko aukera batzuekin hasi nuen, komodin batzuekin, eta denboraldian zehar galdu egin ditut. Hurrengo sasoia komodin horiek gabe hastea oso zaila litzateke».

Azken asteetan Bilbo inguruko hedabideetan asko hitz egin da Ziganda eta jokalarien arteko harremanaz. Bada teknikariari ez zaio oso justua iruditu, eta jokalariekin oso harreman ona duela aldarrikatu du. Zigandak atzo jakin zuen ez zuela jarraituko, eta gaur goizean esan die jokalariei. «Sendotasunez hartu dute, eskarmentu handiko jokalariak dira». Urrutiak ere hitza hartu du, eta garbi utzi du jokalariek ez diotela «ohea egin» entrenatzaileari, alegia, ez dutela haren kaleratzea nahita behartu. Jokalariak prentsaurrekoan egon dira, eta txalo artean agurtu dute.  

Athleticen zazpi urte egin ondoren Zigandak Lezama utziko du. Behe mailetan oso lan ona egin zuen arren, ez du hor jarraituko. Urrutiak eman du azalpena: «Kukok entrenatu egin nahi du, eta ulertzen du. Horrek ez du esan nahi itzuliko ez denik, nork jakin? Entrenatzaile bidea luzea da». Ordezkoa nor izan daitekeen galdetuta, Urrutiak «profil» jakin baten bila dabiltzala esan du: «Bielsak, Valverdek eta Zigandak duten perfila da. Taldea goian izateko anbizioa duena, eta egunero Lezaman lan egingo duena».

Bi partida falta dira liga bukatzeko, eta klubak erabakia orain publiko egitea erabaki badu, Zigandarekin hitz egin duelako da, eta horrela etorkizuna begira lan egiteko denbora gehiago edukitzeko: «Profil» horri izena jartzen hasteko».

Zigandaren denboraldia

Bi denboraldirako sinatu zuen iaz Larraintzarko teknikariak, baina sasoi bakarra egingo du lehen taldea entrenatzen. Izan ere, Athleticek denboraldi eskasa egin du haren aginduetara. Espainiako Ligan, aspaldiko lanik txarrena osatzen ari da, hamalaugarren postuan baita denboraldia amaitzeko bi jardunaldi falta direla. Are lan eskasagoa egin zuen Espainiako Kopan, Formentera apalak kanporatu baitzuen lehen kanporaketan, final-hamaseirenetan. Europa ligan aritu da ondoen talde zuri-gorria, final-zortzirenetara iritsi baitzen. 

Zigandak 52 partida zuzendu dizkio Athletici: hamazazpi irabazi ditu taldeak, beste horrenbeste berdindu eta hemezortzi galdu. Estatistika txarrak dira, baina zenbakiez haratago, taldeak ia sasoi osoan eman duen itxura eskasa izan da kezkagarriena. Entrenatzaileak ez du asmatu nahi zuena jokalariei transmititzen. Horren ondorio da karguan ez jarraitzea.

Urrutia buru duen zuzendaritzak aurki topatu beharko dio ordezkoa Zigandari, jada aurkitu ez badio. Itxuraz, Eduardo Berizzo argentinarra, Celtako eta Sevillako entrenatzaile ohia, da hautagai nagusia. Talderik gabe dago urte hasieran Sevillak kargutik kendu zuenetik. Asier Garitano bergararra izan daiteke beste hautagai bat. Hura ere libre egongo da aurki, ez baitu Leganesen jarraituko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.