Athleticek Spartak Mosku hartuko du ostegunean San Mamesen. Europa ligako final-zortzirenetarako sailkatzea dago jokoan. Abantail ona du talde zuri-gorriak, joaneko partidan 1-3 irabazi baitzuen. Bada, neurketa hori baino bi egun lehenago hitz egin du Josu Urrutia Athleticeko presidenteak, bi hilabetean behin egin ohi duen agerraldi horietako batean. Urrutia kezkatuta azaldu da taldea azkenaldian helarazten ari den sentipenekin. "Taldea ez dago helarazten aurretik transmititzen zituen sentipenak. Kostatzen ari zaio aurrera egitea".
Urrutiaren ustez, Athleticeko jarraitzaileak ez daude haserre taldea egiten ari den lanarekin, baina bai "kezkatuta". Horren harira, nabarmendu zuen taldea bi lehiaketa ari dela jokatzen aldi berean, Espainiako Liga eta Europa liga, eta hori nabaritu egin ohi dela. Horri indarra emateko, gogorarazi zuen bai Marcelo Bielsaren, bai Ernesto Valverderen bigarren sasoietan ere antzeko egoeran egon zirela. Horregatik, baikor da. "Bi emaitza on lortuta gora egingo dugu. Badugu denbora hobetu eta gora egiteko".
Athleticeko presidenteak espero du taldeak ostegunean egitea lehen urratsa, Spartak Mosku kanporatuta. "Ostegunean oso partida garrantzitsua eta erakargarria dugu. Gainera, emaitza ona lortu genuen joanekoan. Talde ona da Spartak Mosku, eta aurre egin behar diogu". Errusiako taldeko zaleak Euskal Herrian dira jada, eta atzo istiluak eragin zituzten Gasteizen. Horrekin kezkatuta azaldu zen Urrutia. "Arduratuta gaude, baina esan beharra dago Moskun oso ondo hartu gintuztela. Ertzaintzarekin eta segurtasun pribatuarekin oso lan zorrotza egingo dugu istilurik egon ez dadin".