Ibaiganen agerraldia egin du Josu Urrutia Athleticeko presidenteak. Joan den sasoia amaitu baino lehen berritu zioten kontratua Ernesto Valverde entrenatzaileari, eta ekainean egin zuten beste horrenbeste Aymeric Laporte atzelariarekin. "Athelticek ez du agintzen jokalariak etorriko direnik; ez dut Aymericekin egin, ezta aurrez Ernestorekin ere".
Urrutiaren esanetan, "Athleticek eskain dezakeena" agintzen dute. Laporteren inguruan esan du "oso albiste ona" dela hark kontratua berritu izana, jakin bai baitzekiten ekonomikoki Athletic baino indartsuagoak diren klubak prest zeudela hura fitxatzeko.
Balioez jardun du Urrutiak: "Dena ekonomiaren ikuspegitik baloratuko bagenu, Athleticek ez luke izateko arrazoirik, beti egongo baita gehiago ordaintzen duen norbait. Normala da norbait kontu ekonomikoengatik borrokatzea, baina bere balioetan zenbait gauza ekonomiaren aurretik jartzea albiste ona da klubarentzat".
Balizko fitxaketez, Urrutiak esan du Valverde "kontziente" dela "talde ona" duela. Ordea, gaineratu du klubaren betebeharra dela "hobetzen saiatzea". Joan daitezkeenen inguruan ez du xehetasunik eman; "lotuta" daudenean jakinaraziko dituzte.