Lotuta jokatzen ari zen; saketik asmatu ezinik, pilota astindu ezinik, gorputza bere onera ekarri ezinik... Miguel Mari Urrutia bere mailarik onenera gerturatu ezinik ibili da banakako Kutxa Torneoaren final-laurdenetako ligaxkan, eta atzo ere horrela ekin zion partidari. Julen San Miguelek asmatu egin zuen partidaren lehen zati horretan (4-0, 8-4 eta 10-6), eta bere onetik aterata zebilen Saldiaskoa. Baina sake-errestoan egindako bi-pareta eder batekin barrua askatu, eta partidaren bigarren zati zoragarria egin zuen Urrutiak, Kutxa Torneoko lehen finalistak. Hurrengo larunbatean jokatuko da bigarren finalerdia, Koteto Ezkurra eta Javier Urrizaren artekoa, eta irabazleak Urrutia izango du zain irailaren 3ko finalean.
8-5ekorako saketik hiru tanto eginda zeuzkan San Miguelek. Eta hortxe egon zen gakoa. Lehen zatian asmatu egin zuen doneztebearrak, eta zaleak gozatzen ari ziren. Urrutiak ondoren onartu zuen moduan, «askatu» egin zen gero, 10-7koan. «Eta hortik aurrera gozatu egin dut. Banekien nik neurea egin behar nuela, neure buruari hainbesteko presiorik gehitu gabe». 10-7kotik 11-21ekora igaro zen partida. Dena erabakita zegoen. Tarte horretan Urrutiak berak huts egin zuen saketik tanto batean. Gainerakoan ez zuen huts bakar bat ere egin.
Azken tantoetan San Miguel saiatu zen markagailua itxuratzen, baina Saldiaskoa ez zegoen barkatzeko. Ezkurra edo Urriza. Bietako bat izango du aurkari irailaren 3ko finalean. Nor duen nahiago? «Berdin-berdin zait. Tentsioa ahaztuta, nik neurea egin behar dut finalean ere».
Urrutiak aise lortu du Kutxa torneoko finalerako sailkatzea
Partida hasieran asko sufritu zen, baina sakean asmatzen hasi, eta 6-24ko partzial ikusgarria lortu zuen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu