Esaldi batean laburbil daiteke Josu Urrutia Athleticeko presidenteak gaur aldagelako grabazioei buruzko filtrazioez emandako prentsaurrekoa: "Ulertezina da. Athleticentzat ez da ona. Baina daturik ez dut emango”. Ez du askoz gehiago esan; ez du ia deus argitu.
Urrutiak azaldu du lehengo barikuan lehen taldeko jokalariekin egon zela Lezaman gaiaz hizketan, hark hala eskatuta, eta haiei esan ziela filtrazioen gertaera "penagarria" dela. Ez du, ordea, aldagelan eragiteko asmorik, gaur adierazi duenez behintzat: ”Aldagela 25 jokalarien eta entrenatzaile baten eremua da. Ni ez naiz hor sartuko”.
Presidenteak aitortu du grabazioa ez duela entzun, ez duela entzuteko asmorik, baina gero esan du filtrazioa "kalumniatik gertu" dagoela. "Eta ez dut ulertzen zergatik ari garen kontu honetaz hizketan egun batean bai eta beste batean ere bai”.
Atzo zabaldu zenez, Marcelo Bielsa entrenatzaileak jokalariei "herri bat dezepzionatu" izana egotzi zien maiatzaren 26an, aurreko egunean Bartzelonaren aurka Espainiako Kopako finala 3-0 galdu ondoren.