Urrutiak Lizasoren aurka aldarrikatu nahi du Kursaaleko bere tokia

Bi atzelari onenek finalerdietako ligaxkarako txartela izango dute jokoan gaur Galarretan

Imanol Magro Eizmendi.
2008ko abuztuaren 16a
00:00
Entzun
Miguel Mari Urrutiak eta Iñaki Lizasok buruz buruko Casino Kursaal torneoko final-laurdenetako partida jokatuko dute gaur, Galarretan. Koadroko bi atzelari onenek finalerdietako ligaxkarako txartela izango dute jokoan, eta Zeberio eta Ezkurra dituzte zain hurrengo fasean. Duela bi urte Urrutiak Lizasori irabazi zion arren, gaur Doneztebekoa izango da faborito (100-90i).

Urrutiak beharko lukeena baino maila bat beherago ekin dio aurten Kursaalari. Iaz finalerdietara iritsi arren, Lizaso bere aurretik jarri dute. Doneztebekoak iaz ez zuen jokatu, eta enpresak aurreko txapelketetan eginiko bidearengatik erabaki zuen. Saldiaskoak ez zuen ondo hartu erabakia eta gaur bere tokia aldarrikatzeko aukera du. Duela bi urte ere elkarren aurka jokatu zuten, eta Urrutiak irabazi zuen partida bikain batean (35-30). Gazteak bikain sakatu zuen finalerdi hartan, hamalau tanto egin zizkion saketik Lizasori.

Saldiaskoak partida hartan jo zuen gaina, finalerako sailkatzea lortu baitzuen. Lizasok, baina, arretik zituen pilatuak lorpen gehienak. 2000. urtean txapeldun izan zen, eta lau aldiz izan da txapeldunorde (1999, 2001, 2004 eta 2005). Lizasoren sasoia da partidako gakoa, bi urte dira ez duela buruz buru jokatzen eta azken aldian ez du kolpe freskorik erakutsi. Zangoak Urrutiak baino arinagoak ditu, gazteak, baina, kolpe askoz biziagoa du.

Jaialdi ugari

Profesional mailako esku-huskako sei jaialdi antolatu dituzte gaurko Euskal Herrian.Aipagarrienak Asegarcerenak, Aretxabaletan (22:30) eta Aibarren (18:30). Nafarroan binakako txapeldunek, Olaizola II.a eta Mendizabalek, Berasaluze VIII.a eta Otxandorenaren aurka jokatuko dute. Aretxabaletan, berriz, Arretxe II.ak eta Zearrak Retegi Bi eta Beloki zango dituzte kontrario. Beste jaialdiak Meñakan, Portugaleten, Arantzan, eta Gernikan jokatuko dira. Hontoria del Pinarren (Errioxa) ere jaialdi erakargarria antolatu dute, Titin-Lasa, Gonzalez-Goñi III.aren aurka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.