Munduko Kopa 2014

Urrutiko intxaurrena

Txilek berretsi egin du talde arriskutsua dela, baina gabezia batzuk ere agerian geratu zaizkio Australiaren aurka (3-1).

Aitor Manterola Garate.
2014ko ekainaren 14a
02:33
Entzun

B multzoko bigarren partida hau aurrenekoaren luzapena bezala hasi da. Txilek, zakur amorratuaren pare, janari gozoaren usaina usaindu du handik gertu, eta azkar betean ekin dio Australiaren aurkako lehiari. Jakitun izanda gol askogatik irabaztea garaipenari beste zerbait gehitzea izan zitekeela, Espainiaren emaitza kontuan izanda. Tira, emaitza hori hain handia izan ez balitz ere, zakur amorratuarena egitera berdin-berdin aterako zen Txile. Horrelakoa baita Jorge Sampaoliren taldea. Horrela jokatzen du.

Baloiaren jabe egin da, hala nahi izaten duelako eta Australiak hala nahi izan duelako. Eta hasi dira jokalariak lekuz mugitzen: nor da punta-erdia? Nor aurrelaria? Nor euskarria? Denak denerako Txilen. Valdivia, Vidal, Arangiz, Alexis, Vargas... joan eta etorri, han azaldu eta hemen bistaratu segituan... Hamalaugarren minuturako 2-0 jarri da, Alexisen eta Valdiviaren golei esker.


"Molestatzera gatoz", esana du Ange Postecogluk, Australiako entrenatzaileak, Brasil aldera zertara doazen garbi azalduz. Txileri ez dio enbarazu handirik egin hasiera horretan. Bi gol baino gehiago sartu izan balizkio ere inor ez zen harrituko. Nagusi hegoamerikarrak. Baina telebistako irudi batean, han azaldu da Sampaoliren irudia, gerora esanguratsua izan den egoera bati konponbidea eman nahian: "Goazen gora estutzera, presionatzera", esaten zien jokalariei, bi besoekin keinua argi marraztuz. Aukerak eman baitazkio Txilek Australiari kontraerasoan ateratzeko. Eskerrak ez den beste munduko ezer Ozeaniako taldea; bestela...


Hala ere, Tim Cahillek gola egin du 35. minutuan, buruz, nola ez. Txikiak dira txiletarrak, eta Gary Medel erdiko atzelari aritzen dela baliatuz, gaina hartu dio Evertoneko aurrelari ohiak. Handik gutxira, oinarekin izan du berdintzeko aukera, baina Bravok urrundu dio baloia.


Bigarren zatian, Australiak agerian utzi ditu Txileren arazoak. Presioa behar du erasotik defentsarako bidean, eta horretarako ezinbestekoa du baloia ahalik eta urrutien eramatea. Batek bestea dakar. Bada, bietan baldar ibili da bigarren zatian, eta une batzuetan, Australiak kendu egin dio baloia. Deseroso Txile. Ez zen Txile. Erdiraketa guztiak izua eragiteko modukoak izan dira Txileren arean, eta Bravok urruntze bikaina bezain estua egin behar izan dio Bresciano beteranoaren zartako zitalari. Berdinketa zitekeen.
Erraz hasi dena zaildu egin zaio Txileri. Pentsa, 92. minutuan sartu du hirugarren gola Beusejourrek. Orduantxe lasaitasuna. Bitartean, kezka eta beldurra ere bai. Azkenean poza, eta datu historikoa: Txilek ez zituen hiru gol sartzen Munduko Kopan 1962tik, etxean jokatu zuen txapelketa hartatik.


Ondorioak: jokatu aurretik, Txileren inguruan ikusmin handia zegoen. Jokatzen hasita, gauzatu egin da ikusmin hori: urrutiko intxaurrak 14. Jokoa aurrera joan den bezala, 4 zenbakia jarri zaio alboan urrutiko intxaurrari. Hala ere, edozeini kontrako eztarritik sartzeko bezain arriskutsua da Txile hau. 14 bada, kontuz besteak! 4 bada, mesede aurkarientzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.