Faboritoek egin dute aurrera Buruz Buruko Txapelketan. Arazo handirik gabe sailkatu dira finalerdietara Aimar Olaizola eta Mikel Urrutikoetxea.
Zaratamokoak 22-5 irabazi dio Jon Jaunarenari Bilboko partidan. Aurkaria baino gehiago izan da, min handia egin du sakearekin, eta ondo moldatu da errematearekin. Jaunarena, berriz, kaskar aritu da errestoarekin. Urrutikoetxeak Oinatz Bengoetxearen aurka jokatuko du finalerdia.
Olaizola II.ak ere nagusitasunez irabazi du partida (22-8). Altuna III.a aurreratu da Labriten, baina sakea hartzearekin batera gailendu da nafarra. Orain arte izandako arazo fisikoak gaindituta, eroso aritu da kantxan, eta maila ona eman du. Bihar jakingo du noren aurka jokatuko duen finalerdia: Juan Martinez de Irujo edo Beñat Rezusta izango ditu aurrean.