Urte berria, aurpegi berriak

Azken orduko fitxaketarik egon ezean, Vadim Demidov eta Diego Ifranen debutak ekarriko ditu urte berriak Realean. Haiekin taldearen mailak koska bat egin dezake gora.

Xabier Lopetegi.
Donostia
2010eko abenduaren 17a
00:00
Entzun
Azken urteetan Realak beti jo izan du neguko azokara. Jaitsieraren urtean Victor Lopez, German Herrera eta Savio Bortolini iritsi ziren. Urtebete ondoren, berriz, fitxaketa sorta luzea izan zen Iñaki Badiolaren eskutik. Duela bi denboraldi Sebastian Abreu ekarri zuen klubak, eta iazko neguan, azkenik, Franck Songo'o, nahiz eta taldeak Ligan bide aparta zeraman. Oraingoan, aldiz, ez du fitxaketarik egingo neguko azokan. Hala esan berri du Martin Lasartek: beti daudela merkatua aztertzen, baina mugimendurik ez duela aurreikusten. Baina horrek ez du esan nahi neguak aurpegi berririk ekarriko ez duenik: debutak izango dira Realean urtarriletik aurrera.

Adibiderik garbiena Vadim Demidovena da. Realak ahalegina egin zuen letoniar jatorriko atzelari norvegiarra udan fitxatu ahal izateko. Rosenborgek, ordea, ez zizkion gauzak batere erraztu. Hilaren 31n bukatzen zaio kontratua, eta, ofizialki behintzat, urtarrilaren 1ean bihurtuko da Realeko jokalari, 2013 arte. Hala ere, hilaren 27an iritsiko da Donostiara, eta urtea bukatu baino lehen Zubietan entrenatzen hastea espero du. 24 urte bete zituen duela gutxi, eta bere ibilbide osoa Norvegian eman du. Azken denboraldietan bertako talderik indartsuenean aritu da, Rosenborgen, eta Norvegiako selekzioarekin ere debuta egindakoa da.

Erdiko atzelaria da, baina euskarrian ere jokatu du. Hala ere, erronka gogorra izango du hamaikakoan postua lortzea, bai defentsan eta bai zelai erdian ere, zaila delako beti denboraldi erdian iristea, hizkuntza berria ikasi beharko duelako, eta talde, lehiaketa eta hiri berri batera egokitu. Ion Ansotegi, Mikel Gonzalez eta Mikel Labaka, gainera, arazorik gabe eta txukun moldatu dira orain arte. Egia da joan den denboraldian baino askoz ere gol gehiago sartu dizkiotela Realari, eta atzelariak gehiago sufritzen ari direla, baina Lehen Mailako aurrelarien eta erdilarien kalitatea ezin da alderatu Bigarren Mailakoek dutenarekin. Euskarrian ere, zaila dirudi une honetan Demidovek Diego Rivas edo Markel Bergarari aurrea hartzea.

Dagoena hobetzeko

Nolanahi ere, dohain politak dituela diote teknikariek. Baloia garbi ateratzen du, fisiko ona dauka, goiko baloietan ondo moldatzen da, eta nahiko oldarkorra da. Rosenborgekin 80 partidatik gora jokatu diru 2008tik hona, eta bost gol sartu. Europan ere eskarmentua du. Sasoi honetan Europa Ligako Atletico Madrilen aurkako partidan ikusi ahal izan zuten Realeko zaleek telebistaz, baina ez zuen bere onena eman. Ikusi beharko da Realean zer egiteko gai den. Kirol tradizio handiko familian jaiotakoa da: aita eskubaloi jokalari gisa nabarmendu zen Sobiet Batasunarekin, eta bera ere arrunt trebea zen kirol horretan, baina futbola aukeratu zuen.

Diego Ifranena da espero den beste debuta. Uruguaitarra abendu erdialdean jokatzen hastea espero zen, belauneko lesioaz osatuta. Athleticen aurkako deialdian sartu zen, Raul Tamudoren lesioa zela eta, baina ez zen zelaira atera. Ondorengo astean min hartu zuen orkatilan, eta klubak baimena eman zion atzo Uruguaira joateko, udaz geroztik ez baititu senitartekoak ikusi. Espero da bueltan fisikoki bete-betean egotea. Uruguain eman zuen maila emateko gai baldin bada, une honetan falta zaizkion dohainak irabaziko ditu Realak: abiadura eta jaurtiketa indartsua. Lasartek bere aginduetara eduki zuen, eta konfiantza handia du harengan.

Paco Sutil eta Jeffrey Sarpong ez dira neguko fitxaketak, baina orain arte jokatu dutena ikusita, hala har daitezke ia-ia. Espainiarrak denboraldi hasiera polita egin zuen: lehen bost partidak jokatu, eta gol bat sartu zuen. Giharretako lesio baten ondorioz, ordutik ez da deialdian sartu, baina ondo bidean, jokatzeko prest egongo da Gabonetatik bueltan. Desberdina da Sarpongen kasua. Arazo fisikorik ez du izan, baina behin ere ez da hasieratik aritu Ligan, David Zurutuza, Xabi Prieto eta Antoine Griezmann oso ondo ari direlako. Aulkitik taldeari bizitasuna emateko erabili du Lasartek.

Ezin da baztertu jokalariren bat utzita joatea. Imanol Agirretxe eta Borja Viguera dira aukera gehien dutenak. Begi bistakoa zen, Realak udan fitxatutako aurrelari kopuruarekin, bietako batek edo biek zailtasunak izango zituztela jokatzeko. Klubak uste du irtenbide ona izan daitekeela beste toki batean zailtzen jarraitzea, eta itxura guztien arabera, Bigarren Mailako talde ugarik begi onez hartuko lituzkete, baina jokalarien erabakia zein den ikusi beharko da. «Gustura nago daukadanarekin. Hemen gelditzen badira ere oso pozik egongo naiz», esan zuen asteartean Lasartek. Salamancak, halaber, Gorka Illarramendi nahi du, baina Reala B-n funtsezkoa da, eta gazteagoa ere bada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.