Urte erdi geroago, berriz ere atarian

2007ko uztailetik lehen partida galdu du Heninek, Australiako Irekian, Sharapovaren aurka

Erredakzioa
2008ko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
Justine Henin belgikarra Australiako Irekiko finalerdietatik kanpora geratu da. Nola, gainera. 6-4 eta 6-0. Astindu handi samarra eman zion atzo Maria Sharapova errusiarrak, aspaldian jokatu duen partidarik osoena jokatuta. Lehen zerrendaburuak galtzea bera albiste handia da, ez baita askotan gertatzen. Adibide moduan, Justine Heninek 32 partida zeramatzan jarraian galdu gabe, 2007ko uztailean, Wimbledoneko finalerdietan Marion Bartoli frantziarrak irabazi zionetik.

Atzoko astindua are ikusgarriagoa izan zen, bigarren set-ean joko bakar bat egiteko ere ez baitzen gai izan Henin. 2002an galdu zuen azken aldiz belgikarrak set bat 6-0, Roland Garrosen, Anika Kapros hungariarraren aurka, baina min hartuta zegoen orduan. Sharapovak atzo arte erakutsi ez zuen sendotasuna eta jokaldiak amaitzeko gaitasuna baliatu zituen belgikarrari irabazteko. «Sinestezina izan da. Edozer gauza ondo egiteko gai zarela ikusten duzun partida horietakoa izan da», aitortu zuen behin partida amaituta.

Atzoko garaipenari esker, finalerdietan dago, dagoeneko, errusiarra. Eta finalerdietan Jelena Jankovic serbiarra -hirugarren zerrendaburua- izango du aurkari. Jankovicek 6-3 eta 6-4 irabazi zion Serena Williams estatubatuarrari, iazko Australiako Irekiko txapeldunari. Ordu eta 39 minutu iraun zuen partidak, eta biek jaso behar izan zuten fisioterapeutaren laguntza, baina, azkenerako, serbiarrak osoago amaitu zuen partida. Iaz Williamsek utzi zuen kalean Jankovic, final-zortzirenetan, eta, beraz, orduko arantza atera ahal izan zuen atzo. Serbiarra lehen aldiz ariko da Australiako Irekiko finalerdietan.

Emakumezkoen beste bi final-laurdenak gaur jokatuko dira. Venus Williamsek Ana Ivanovicen aurka jokatuko du, eta Daniela Hantutxovak Agnieszka Radwanskaren aurka. Bi partida horietako irabazleek elkarren aurka jokatuko dute finalerdietan, ostegunean. Sharapovaren eta Jankovicen arteko finalerdia ere ostegunean jokatuko da. Finala, berriz, larunbatean jokatuko da.



NADAL ETA TSONGA FINALERDIETARA. Rafael Nadal kataluniarrak eta Jo Wilfred Tsonga frantziarrak Australiako Irekiko finalerdietarako txartela lortu zuten atzo. Rafael Nadalek Jarko Nieminen finlandiarrari irabazi zion, 7-5, 6-3 eta 6-1. Bi ordu eta 19 minutu behar izan zituen kataluniarrak lehen aldiz Australiako finalerdietara iristeko. Set bakar bat ere galdu gabe sartu da Nadal Australiako Irekiko finalerdietan, baina atzo gogotik lan egin behar izan zuen, lehen set-ean, batez ere. Nieminenek lehen set-a eskuratzeko bi aukera izan zituen, baina, azkenerako, Nadalek egoerari buelta ematea lortu zuen.

Eta finalerdietan Tsonga izango du aurkari, 22 urteko frantziarra, Australiako Irekiko ezusteko nagusia. Tsongak Mijail Youznhy errusiarra kanporatu zuen atzo, final-laurdenetan, 7-5, 6-0 eta 7-6. Tsongak ez du titulu bakar ere irabazi oraindik profesionaletan, baina Australian ezustekoak eman eta eman ari da. «Nadalen aurkako partida oso zaila izango da. Korrika asko egin beharko dut». Finalerdiak jokatzea bera saria izango da, ordea, Tsongarentzat.

Beste finalerdia gaur erabakiko da. Final-laurdenetan Roger Federerrek James Blakeren aurka jokatuko du, eta Novak Djokovic serbiarrak David Ferrer kataluniarraren aurka. Tsonga-Nadal finalerdia bihar jokatuko da, eta bigarrena, berriz, ostiralean. Finala igandean izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.