Hiriburuetan arratsaldean egingo dira San Silvestre lasterketa ezagunak. Halere, beste asko ere egin edo egingo dira egun osoan zehar Hego Euskal Herriko hiri eta herrietan. 127 zenbatu ditu lasterketak.eus webguneak. Ezagunenetako bat da Beasaingoa (Gipuzkoa); 46. edizioa izan du aurtengoa. Han izan da lasterka Chakib Lachgar Errenteriako korrikalaria, azken Behobia-Donostia lasterketako garailea. Halere, ez da azkarrena izan, Sergio Sanchez nagusitu baita gizonezkoen artean. Rkia El Moukim, berriz, emakumeetan.
Gipuzkoan denera, 41 lasterketa egingo dira gaur. Jende gehien bilduko duena Donostiakoa izango da (16:00etan); 4.800 korrikalari inguru. Horiez gain, lasterka ibili dira Andoainen, Zumaia, Eibarren, Tolosan, Azpeitian, Hondarribian eta Zarautzen ere, besteak beste.
Proba esanguratsua bilakatu da San Silvestre urtean zehar korrika aritzen direnentzat, baina baita urteko lasterketa bakarra gaur egiten dutenentzat ere. Gipuzkoan bezala, Bizkaian ere ugari izan dira korrika atera direnak, han ere distantzia eta estilo guztietako lasterketekin. 25 lasterketa izango dira lurralde hartan. Bilbokoak 2.500 lagun inguru bilduko ditu arratsaldeko 16:30etan. Euskal Herriko urte zahar eguneko lasterketa zaharrena, ordea, Galdakaokoa da. Badira beste hainbat esanguratsu ere, esaterako, Getxokoa eta Abadiñokoa.
Beranduen egingo direnetako bi Gasteizkoa eta Iruñekoa dira, 18:00etan lehena, eta 19:00etan bigarrena. Halere, Badira beste lasterketa ugari ere Araban eta Nafarroan. Araban, denera 6 lasterketa, tartean Iruña de ocakoa eta Erriberabeitikoa. Nafarroan, ordea, 55 lasterketa egingo dira. Beraz, non aukeratu izan dute korrikalariek: Altsasu, Leitza, Lizarra, Tutera, Zangoza...