Urteko bikoa, lehen lerroan

BAR ez dagoela eta Ferrari ahul dabilela baliatuz, McLaren eta Renault eroso aritu dira lehen saioan

LAURENTZI GARMENDIA - MONAKO/BERRIEM
2005eko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Raikkonenen eta Alonsoren arteko lehia izan zen atzo ere sailkatze saioan. Bartzelonan izan zen lasterketaren sailkapenaren ondorioz, Ferrari autoak besteak baino goizago pistaratu ziren, eta ondorioz pistak egoerarik egokiena ez zuenean irten behar izan zuten. Ondorioa latza izan zen, eta Schumacher nahiz Barrichello bi segundo eta erdira daude. Gaur goizean lan ona eginda ere, Raikkonenek eta Alonsok ez dute haien kezkarik izango.

Finlandiarrak azken lasterketetan McLarenek hasitako gorako bideari eutsi zion atzo, Q1eko denbora onena eginez. Segundo erdi atera zion bigarren egin zuen Alonsoribiek espero baino alde handiagoa. Saioa etenda egon zen ia hogei minutuz Ralf Schumacherren istripu batengatik. Goizean beste istripu bat ere izan zen, eta FIAk Montoya zigortu zuen haren erantzule zelakoan. Kolonbiarra izango da gaur azkena irteten.Gaurko lasterketa Raikkonenen eta Renaulteko bi gidarien artean erabakiko da, ez baita beste gidaririk maila horretan. Atzo Webber sartu zen hirugarren ustekabean, baina Williams autoak txikitu egiten ditu pneumatikoak. Gaur goizeko Q2an denbora ona egiten badu ere, Webberrek besteek baino lehenago sartu beharko du erregaia hartzera.

Iaz Jarno Trullik maisuki irabazi zuen, baina atzoko saioan espero baino mantsoago aritu zen Toyota taldeko gidaria. Aipagarria izan zen aurrenekoen artean izan ziren aldeak, hirugarren gidaria segundo batera gelditu baitzen. Gaur goizean alde horiek konfirmatuz gero, lasterketa prozesioa bilaka daiteke, aurreratzea ezinezko baita Monakon, gidarien esanetan.

Epsilon-Euskadi ere lehian

Monakon asteburu honetan izaten ari diren lasterketen artean, Munduko Serieak ere printzerriko kaleak betetzen ari dira. Atzo, bi sailkatze saioetan, Epsilon-Euskadiko Robert Kubicak eta Felix Porteirok lan txukuna egin zuten. Kubica bigarren izan zen bere saioan, eta Porteiro, berriz, zazpigarren berean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.