Garaian iritsi da ordenagailuarekin zuen saiora Aimar Olaizola (Goizueta, 1978). Ordubete behar izan du Berria.info-ren irakurleen galderak erantzuteko, bakar bat ere saihestu gabe. Umoreko eta zintzo aritu da.
Iepa, Aimar! Zer izan da urte honetako onena, eta zer eskatzen diozu berriari? Aupa xapo! ? Aner.
Onena aita izatea izan da, eta, horren ondoren, hiru finaletan sartu izana eta bi irabazi horrelako lesio bat izan ondoren. Firmatuko nuke hurrengo urtea aurtengoa bezalakoa izatea, edo, gutxienez, final bat jokatzea.
Aurrekoa bezalako final baten ondoren, aldagelara joandakoan ze giro egoten da bion artean? Egiten al diozue elkarri hitzik, edo zer komentatzen diozue elkarri? Oier.
Bai, inongo problemarik gabe. Normala den bezala, beti irabazi duena galtzailea baino kontentuago dago. Baina elkarren artean giro ona izaten da, eta ez da arazorik izaten. Kantxa barrukoa kantxan gelditzen da.
Aupa, Aimar. Uste duzu zure eta Irujoren arteko partidak Galarza-Retegi eta Eugi-Belokirenak izan zirena izateko bidean direla? Edo dagoeneko maila horretara irisi al dira? Paki.
Ez dakit. Nik uste dut Irujo eta nire artekoak jendearengan zer edo zer berezia sortzen duela, nahiz eta guretzat ez halakorik izan; frontoiak normalean bete egiten dira.
Ez ote da azken boladan zure kontrako halako iritzi joera bat sortu? Zure lesioei buruzkoak zalantzan jarriz, ezkutuan jokatzen duzula esanez, moxorroa zarela... Ni ez naiz iritzi horretakoa, baina azkena Asegarce zure enpresak izan duen jarrerak—informaziorik eman gabe, dena ezkutuan eginda— horrelako iritziak elikatzen dituelakoan nago. Zer uste duzu zuk? Konrakantxatik.
Ez dut uste hala denik; iritziak beti izaten dira alde batekoak eta bestekoak, ez dut uste nire enpresak informaziorik gorde duenik.Nire azken lesio honen kasuan, lehenengo momentutik adierazi dugu zer nuen, nahiz eta hasieran denbora gutxiagorako lesioa zela uste medikuek.
Aimar, egunon: zure aitaren heriotza lazgarriak, zure ustez, motibazio estra bat eman zizun finala jokatzeko orduan? Iñigo Etxeberria.
Bai, nik uste dut final berezia izan dela, final aurreko egunetan gertatutako gauzengatik eta, bereziki, aitarenagatik. Oso pilotazalea zen, eta gurekin asko sufritzen zuen, eta berari eskaini nahi nion.
Zertan ari da Gonzalez? Ez al zaizu errespetu falta ikaragarria iruditzen egin duena? Konrakantxatik.
Ez da nire kontua, baina, nire ustez, bizitzan gauzarik garrantzitsuenetakoa jendeari eta lankideei errespetua edukitzea da.
Egunon, eta zorionak txapelagatik. Hiru galdera: nola definituko zenuke zuk zeure burua pilotan? Noiz arte ikusiko zaitugu kantxetan? Mugarik ikusten diozu zeure buruari? Eskerrik asko, eta eguberri on. Igor Lazkoz.
Ez zait gustatzen nik neure burua definitzea, baina, nik neure burua azalduz gero, nahiko pilotari konpletoa naizela esango nuke. Kontratua 39 urterekin amaitzen dut, eta gustatuko litzaidake ondo egonez gero beste urte batzuk segitzea. Hemendik aurrera ez dut uste hobetzeko adinik daukatenik, nahiz eta gauza batzuk beti hobetu daitezkeen.
Kaixo, Aimar! Zorionak egindako urte bikainagatik. Zer aldatuko zenuketxapelketen arautegian? Zein da zure proposamena aurtengoa berriro ez gertatzeko? Xabier.
Eskerrik asko, Xabier. Nire ustez, gaur egun arautegia dagoen bezala eta azkeneko urte hauetan gertatu diren gauzekin ez da erraza asmatzea. Nire ustez, atzerapenen muga ez lukete jarri behar egun jakin batean; muga hori hurrengo txapelketaren hasierak markatu behar luke.
@Elkarrizketa osoa eta bideoa atari honetan: www.berria.info
Aimar Olaizola. Asegarceko pilotaria
«Urteko onena: aita izatea»
Bukatzear dagoen urtea ez du inoiz ahaztuko. Kirol arloa oparoa izan da, lesio larri baten ostean hiru finalak jokatu baititu; pilotariak, halere, alor pertsonaleko gozoak nabarmendu ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu