Urteko 'volata'

Bihar korrituko da Milan-San Remo klasiko handia; Cipressa eta Poggio gainak eta esprinta, balantzaren alde banatan

Andoni Urbistondo.
2006ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Agian ez da politena izanen. Gogorrena ere ez. Ikusgarriena ote den, zalantzan jartzeko modukoa. Baina ederra da. Munduko Kopa zenaren aurreneko proba zelako, agian. Egutegiko lehen klasiko handia delako. Milan-San Remo, clasicissima goitizenez ezaguna Italian (klasikoen klasikoa), udaberriko klasikoa Italian eta Italiatik kanpo. Piamonteko eskualde hotzetik abiatzen da lasterketa, Milan hiritik, eta Mediterraneo itsaso epelaren ertzean bukatzen, San Remon. Neguan hasi eta udaberrian bukatu, horregatik udaberriko klasikoa.

Martxoko hirugarren larunbatean korritzen da beti Milan-San Remo, baina bestelakoa da prestakuntza noiz abiatzen duten txirrindulariek. Proba txirrindulari egutegiko luzeenetakoa da, eta Pro-Tour Ligako luzeena. Iraganean ohikoagoa zen kilometro kopurua du probak: 294 kilometro! Zazpi ordu luze baino gehiago bizikleta gainean.Kontua da txirrindulari askoren urteko erronka potoloena dela Milan-San Remo. Han garaipena lortzea nahikoa da urte osoko balantzea on-ona izateko. Italiarren artean sekulako miresmena sortzen du, baina urteen joan-etorriarekin, Milan-San Remo oso ezaguna bilakatu da mundu osoan.Milandik goizeko lehen eguzki printzekin abiatzen direnen zerrenda errepasatzea da probak duen izen handiaz jabetzeko ariketa sinpleena. Pro-Tour Ligako 20 taldeek tropeleko izar distiratsuenak izanen dituzte buru: Milram taldeak iazko garailea,Alessandro Petacchi eta Erik Zabel. Quick Stepek Tom Boonen eta Paolo Bettini. Rabobankek Oscar Freire eta Tirreno-Adriatiko Itzuliko garailea, Thomas Dekker gaztea. Gerolsteinerrek Davide Rebellin, Credit Agricolek Thor Hushovd, Libertyk Vinokourov eta Allan Davis, Barloworldek Igor Astarloa, Euskaltel-Euskadik Samuel Sanchez...

Txirrindulari azkarra izatea funtsezkoa da

Milan-San Remoko 96 ekitaldiei erreparatu eta berehala jabetzen da edonor San Remon izen handiko txirrindulariak nagusitzen direla. Azken urteetan besoak garaile jaso dituztenen artean ezaugarri bat bilatu beharko bagenu, azkartasuna litzateke hori. Milan-San Remo irabazteko funtsezkoa da txirrindulari azkarra izatea. Normalean esprintean erabakitzen da garaipena, eta esprinterrek kale egiten badute, abiadura puntu ona edukitzea erabakigarria gerta liteke. Ia 300 kilometroko ahaleginak zukututa uzten ditu esprinter askoren hanka zuztarrak, eta horri etekina ateratzen diote hain azkarrak izan gabe, txirrindulari azkarrek eta indartsuek.

Denen ahotan dauden izenak gogoratze aldera, honatx faboritoen zerrenda: Alessandro Petacchi denen gainetik, batez ere Tirreno-Adriatikoko azken etapa irabazi ondoren. Haren pare, Tom Boonen, Paolo Bettini eta Erik Zabel. Koska bat beherago, mundua.

Datua





9

Azken bederatzi ekitaldiak esprintean erabaki dira. Horietatik zortzi tropel handiko esprintak izan dira eta bakarra, multzo txiki bateko esprinta, 2003. urtekoa, hain zuzen ere (Bettinik irabazi zuen orduan). Aurtengoa ere esprintean erabakiko da, ziurrenik.

 

Ibilbidea





Turchino, Cipressa eta Poggio

Hiru aldapa horiek dira Milan-San Remon ezagunenak, baina beste hainbat ere baditu Turchino eta Cipressa artean. Capo izena dute denek. Milan-San Remoko ibilbideak kritika asko jaso ditu azken urteetan,tropela hausteko moduko aldapa gogorrik ez dagoelako. Zer egin, hortxe koska: ibilbidea gogortu edo tradizio handiko betiko aldapak mantendu. Aurten ibilbidea betikoa izango da.

 

Azken 10 urteak





1996: Gabriele Colombo (Gewiss)

1997: Erik Zabel (Telekom)

1998: Erik Zabel (Telekom)

1999: Andrei Txmil (Lotto)

2000: Erik Zabel (Telekom)

2001: Erik Zabel (Telekom)

2002: Mario Cipollini (Acqua&S.)

2003: Paolo Bettini (Quick Step)

2004: Oscar Freire (Rabobank)

2005:Alessandro Petacchi (Fassa)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.