final-laurdenak

Uruguai aurrera, penaltietan

Partidan bana egin dute Ghanak eta biek. Afrikarrek 1-2koa barkatu dute 120. minutuan, Gyanek penaltia huts eginda; Munduko Kopako finalerdietan sartzen Afrikako lehen selekzioa izateko aukera galdu du Ghanak. Muslera Uruguaiko atezainak bi penalti gelditu ditu.

2010eko uztailaren 2a
18:03
Entzun
A zer aukera galdu duen Ghanak historia egiteko; alegia, Afrikako lehen selekzioa izateko Munduko Kopako finalerdietan sartzen. Izan ere, luzapenean Uruguai eta biak bana zihoazela, 120. minutuan Suarezek penaltia egin du -baloia eskuarekin geratuta ate azpian-, Gyanek penaltia bota du -mundial honetan bitik bi gol zeramatzan hala-, baina langan jo du baloiak eta kanpora. Eta penaltietara iritsi dira, eta Uruguai irabazle hor: 4-2.

Mundialeko partidarik biziena jokatu dute Uruguaik eta Ghanak. Hori erritmoa! Hori gol aukera pila ate batean zein bestean! Uruguairen aldetik Suarezek izan ditu hiru bat garbi, Forlanek pare bat, Pereirak... Ghanatik Vorsah-k, Gyanek, Muntarik, Boatengek... Eta bi gol besterik ez dira izan. Bi atezainek oso partida ona egin dute, baina biek egin dute kale goletan.

Uruguaik Herbehereen kontra jokatuko du finalerdia, asteartean (20:30). 1930ean eta 1950ean Uruguaik irabazi zuen mundiala. Aspaldiko kontuak dira, baina Forlanek eta beste mutilek historia berritzeko aukera dute. Suarez aurrelariak -hiru gol daramatza- eta Fucile ezker lateralak ezingo dute jokatu, txartelengatik.

Uruguai 1. Muslera; Maxi Pereira, Lugano (Scotti, 37m), Victorino, Fucile; Fernandez (Lodeiro, 46m), Perez, Arevalo, Cavani (Abreu, 76m); Forlan, Suarez.

Ghana 1. Kingson; Pantsil, Vorsah, John Mensah, Sarpei; Annan, Inkoom (Appiah, 73m), K. Asamoah, K.P. Boateng, Muntari (Adiyiah, 87m); Gyan.

0-1: Muntari (45m). 1-1: Forlan (55m). Penaltietan: 4-2 Uruguai.

Penaltiak

Uruguai-Ghana

1-0: Forlan.

1-1: Gyan.

2-1: Victorino.

2-2: Appiah.

3-2: Scotti.

-: Muslerak gelditu John Mensah-ri.

-: Maxi Pereirak kanpora.

-: Muslerak gelditu Adiyiah-ri.

4-2: Abreu.

Larunbateko final-laurdenak

- Argentina-Alemania (16:00).

- Paraguai-Espainia (20:30).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.