Uruguaiko errugbiko selekzioa Bizkaian da, Getxon, munduko txapelketa prestatzen. Kopa irailaren 18an hasiko da, Londresen. Japonian prestaketa bira egin ondoren, Hegoamerikako taldea Getxon egongo da kontzentratuta irailaren 13a arte, eta egun horretan Ingalaterrara joango da txapelketako lehen fasea jokatzeko.
Fase horretan, Ingalaterrako, Australiako, Galesko eta Fijiko selekzioen aurka jokatuko du. Partida horietarako prestatzeko Euskariansen aurka jokatuko du igandean, Faduran, 17:00etan. Euskarians taldeak Euskal Herri osoko jokalariak biltzen ditu.
Alvaro Gonzalez Getxoko Kirol Arloko zinegotzia pozik agertu da Uruguai egun hauetan herrian dagoelako. "Maila horretako selekzioa gurean egoteak gure taldeei ikasteko aukera paregabea eskaintzen die, eta, gainera, gure udalerrian errugbirako dagoen zaletasun handiaren aitorpena ere bada", gehitu du.
Uruguaiko hogei urtez azpiko taldeak joan den maiatzean Faduran egindako egonaldiak proba gisa balio izan zuen, eta Uruguaiko selekzio nagusiarentzat munduko txapelketa prestatzeko baldintza onak daudela egiaztatu zuten selekzioaren arduradunek. Munduko hogei selekzio hoberenen artean sailkatua dago.
Irlandak ere, 2003an, Getxo hautatu zuen urte horretako Errugbiko Munduko Kopa prestatzeko.