USADAk berretsi egin du Landisen iazko Tourreko positiboa

unai zubeldia
2007ko irailaren 21a
00:00
Entzun
AEBetako Dopinaren Aurkako Agentziak (USADA) berretsi egin du Floyd Landis txirrindulariaren kontranalisiaren positiboa, Associated Press berri agentziaren arabera. Iazko Frantziako Tourrean testosterona sintetikoarekin positibo eman zuen txirrindulari estatubatuarrak, eta kontranalisiak ere positibo hori berretsi duenez, bi urteko zigorra bete beharko du. Horrez gain, lau urtean ezingo da UCI Pro-Tour Ligako talde bakar batekin ere aritu. Berri Agentziaren arabera, USADAko bi epailek eman dute Floyd Landisen aurkako epaia -Patrice Brunet eta Richard McLarenek-, eta bakar batek aldekoa, Christopher Campbellek.

Floyd Landisen kontranalisiaren emaitza aztertuta, Tourrak Oscar Pereiro Caisse d'Epargneko txirrindulariari eman beharko lioke iazko Tourra irabazi izanaren garaikurra. Dena den, Landisek, oraindik, Kirol Arbitratze Epaitegira jo dezake (TAS), AEBetako Dopinaren Aurkako Agentziaren epaiari errekurtsoa jartzeko. Azkenerako iazko Tourreko garaipena kentzen badiote, Tourra irabazi ondoren garaikurra kendu dioten lehen txirrindularia izango da.

Landisek 17. etapan eman zuen positibo, testosteronarekin, Morzinera bidean emandako erakustaldiaren ondoren. Aurreko egunean maillot horia galdu zuen, txakalaldiak jota, eta egun horretan bost minutu atera zizkion Pereiro liderrari. Etapa amaitu eta berehala eman zuten positiboaren berri.

Ordutik Landisek berak une oro adierazi du errugabea dela, eta laborategiko erru batek zipriztindu duela. Positibo horren eraginez jarritako zigorra atzeratzeko, helegite ugari jarri dituzte Landisen abokatuek, baina Associated Press agentziaren albistea baieztatzen bada, TASen helegitea jarri beste aukerarik ez du izango.



VALVERDE, UCI-REN ZERRENDATIK AT. Hilaren 30ean jokatuko den Stuttgarteko Munduko Txirrindularitza Txapelketaren harira, azken egunotan sokari tira eta tira ari dira UCI Nazioarteko Txirrindularitzaren Batasuna eta Alejandro Valverde Caisse d'Epargneko txirrindulari espainiarra. UCIk bere webgunean jarri du Espainiako selekzioaren errepideko probarako taldea, eta hamaikako horretan -horietatik bederatzi ariko dira- Valverde ez da ageri. Francisco Antequera Espainiako hautatzaileak, ordea, behin eta berriz adierazi du Alejandro Valverde txapelketan izango dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.