Txirrindularitza. Italiako Giroa

Uste baino arriskutsuagoa

Lehen atseden egun bereziaren ondoren, 33,2 kilometroko taldekako erlojupekoa jokatuko da gaur Giroan

unai zubeldia
Donostia
2012ko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Mendiko edozein etapa baino arriskutsuagoa izan daiteke atzokoa. «Atseden eguna». Hala ageri da antolatzaileek prestatutako liburuxkan. Baina atsedenetik gutxi eduki zuen atzokoak, Danimarkatik Veronara arteko bidea egin behar izan zutelako talde guztiek —txirrindulariak herenegun iluntzean berandu iritsi ziren hoteletara— eta 33,2 kilometroko taldekako erlojupeko arriskutsua daukatelako gaur zain. Hain zuzen ere, erlojupekoaren ibilbidea bertatik bertara ezagutzeko baliatu zuten talde guztiek atzoko eguna. Beti izaten dira arriskutsuak atseden egunaren ondorengo etapak, eta are arriskutsuagoa izango da gaurkoa, igotzaileetako gehienek sufritu egiten dutelako taldekideen gurpilari segitu ezinik.

Igotzaileen ondoan, Taylor Phinney liderra bera nola dagoen ikusi beharko da gaur. Bi erorketa izan ditu Danimarkako azken bi etapetan, handia azkenekoa, eta hautsirik ez daukan arren, oso minduta dauka eskuin orkatila. Ospitalera eraman zuten herenegun iluntzean lehenengo, eta atzo goizean berriz, eta X izpien bidez egindako azterketan ikusi zuten hezurrik ez daukala hautsita. Hori bai, zauri handi samarra dauka orkatilan, eta hiru puntu eman behar izan zizkioten zauria ixteko. Mark Cavendishek ere (Sky) kolpe handia hartu zuen herenegungo esprintean, baita William Bonet, Mickael Delage (Francaise des Jeux) eta Pier Paolo De Negrik ere (Farnese Vini). Horiek guztiek dezente sufrituko dute gaurko erlojupekoan.

Euskaltel, abiatzen bigarrena

15:25ean abiatuko da lehen taldea (Ag2r), John Gadret tartean dela, eta frantziarren atzetik ekingo dio lanari Euskaltel-Euskadik, 15:28an. Hiru minutuz behin abiatuko dira gainerako taldeak, eta BMC, Taylor Phinney Giroko liderraren taldea, izango da lanari ekiten azkena, 16:28an. Erreferentzia gisa, 15:31n abiatuko da Androni (Jose Rujano); 15:34an Lampre (Michele Scarponi eta Damiano Cunego); 15:40an Colnago (Domenico Pozzovivo); 15:49an Katuxa (Joaquim Rodriguez); 15:52an Movistar (Beñat Intxausti); 16:04an Liquigas (Ivan Basso); 16:07an Astana (Roman Kreuziger); 16:16an Sky (Rigoberto Uran); 16:19an RadioShack (Frank Schleck); eta 16:25ean Garmin (Ryder Hesjedal).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.