Chris Froome (Sky) zen Tourreko bakarkako bigarren erlojupekoa irabazteko faborito argia, eta britainiarrak irabazi du. Baina estu eta larri ibili da. 51.33 minutu eginda, bederatzi segundo bakarrik atera dizkio Alberto Contadorri (Saxo), hamar Joaquim Rodriguezi (Katuxa), 23 Roman Kreuzigerri (Saxo), 30 Alejandro Valverderi (Movistar) eta 1.11 Nairo Quintanari (Movistar). Contadorrenak izan dira denborarik onenak lehen hiru erreferentzietan, baina espainiarrak eta Kreuziger taldekideak ez dute bizikleta aldatu azken zatian —gainerakoek, bai—, eta neurri batean horri esker hartu dio aurrea Froomek azken zatian. Tejay Van Garderenek (BMC) Ion Izagirreren (Euskaltel) denbora ondu berritan, euria erlojupekoa erabat baldintzatzeko zorian egon da. Zaparrada handia bota du une horretan, baina lehortu egin du gero, eta onenak biziago ibili dira gero. Van Garderen 10. postuan sailkatu da azkenean, eta Izagirre 14. postuan.
Sailkapen nagusian Bauke Mollema eta Laurens Ten Dam izan dira galtzaile nagusiak. Erlojupeko txarra egin du Belkineko bikoak, eta posturen bat edo beste galdu dute biek. Froome dago sailkapen buruan, Contador dago bigarren orain, 4.34ra, eta Kreuziger hirugarren, 4.51ra. Laugarren postura atzeratu da Mollema, 6.23ra. Mikel Nievek (Euskaltel) jarraitzen du lehen euskalduna izaten, 17. postuan, Froomengandik 23.36ra. Alpeetako lehen etapa jokatuko dute bihar, gogor-gogorra, Gapen hasi eta Alpe d'Huezen amaituko dena. Bi aldiz igoko dute Alpe d'Huez mitikoa.