Juanto Apezetxea. San Antonioko entrenatzailea

«Uste dut bete-betean asmatu dugula gazteen aldeko apustuarekin»

LANDER F. ARROIABE / ARGAZKI PRESS.
edurne elizondo
Iruñea
2010eko abenduaren 26a
00:00
Entzun
Kontent da Amaya Sport San Antonioko entrenatzaile Juanto Apezetxea (Oieregi, Nafarroa, 1968). Laugarren amaitu du Iruñeko taldeak lehen itzulia, 21 punturekin, espero baino askoz hobeto. Jokalarien konpromisoa eta ilusioa nabarmendu ditu.

Uste baino hobeto aritu zarete lehen itzulian, ezta?

Bai, emaitza ezin hobea izan da. Baikorra naiz. Sasoi honetan gure helburua zen mailari eustea. Gure aurreikuspen onenen arabera 12-13 puntu izanen genituzke orain, eta 21 punturekin amaitu dugu lehen itzulia. Dena atera da oso ongi, primeran.

Zein da arrakastaren giltza?

Ez dakit giltza zein den, baina argi da jendeak taldean duela burua, konpromiso garbia dutela jokalariek taldearekin, eta hori sumatzen da. Taldea oso batuta dago. Lan egiten dugu ongi, gogor, eta ilusioz.

Jarraitzaileek ere aipatzen dute jokalariei sumatzen zaiela ilusio hori. Ilusioa eta gogoa funtsezko elementu izan dira lortutako emaitzak lortzeko?

Agian bai. Jarraitzaileak pozik dira, eta gu ere bai haiekin. Jokalari gazteek sasoi honetan dute sekulako aukera jokatzeko, eta arrakasta izateko. Akaso hori da lortu dugun emaitza ulertzeko bertze elementu bat. Aukera hori aprobetxatzen ari dira.

Denboraldia hasi zenetik, nola ikusi duzu zuk taldeak izan duen bilakaera?

Hasiera nahiko gogorra izan zen. Lehen partidan Valladoliden egurra eman ziguten. Gero hirugarrenean Granollersen eskutik hartu genuen jipoia. Partida zailak ziren. Gero, hala ere, etxean hasi ginen emaitza onak lortzen, eta, batez ere, Alcobendasen aurka haren pistan irabazitako partida nabarmenduko nuke. Mugarri izan zen, nire ustez. Hortik aurrera ibili gara oso ongi, konfiantza handiarekin. Jokoan hori sumatu da. Zalantzaz beteta hasi genuen Liga, baina gero ederki aritu gara defentsan eta atean. Erasoan ere, presiorik gabe, nahiko ongi aritu gara.

Laugarren amaitu duzue lehen itzulia. Pentsaezina zen denboraldi hasieran?

Bai, hala da. Orain bi hilabetez egonen da sailkapena modu horretan, eta gozatu egin behar dugu. Gero etorriko dira, seguru aski, egunik txarrenak.

Jokalarien arteko batasuna azpimarratu duzu. Horren eragina ere nabari dela uste duzu?

Bai. Taldean genituen jokalariak gazteak zirela ikusita, Alvaro Jauregik [kirol zuzendaria] eta biok erabaki genuen sasoi honetan soslai bereko jokalariak ekarriko genituela. Apustuarekin bete-betean asmatu dugula uste dut. Ez dago izarrik, denek egiten duten beren lana, eta giroa oso ona da.

Europako Errekopa oparia zela erraten zenuen lehen itzulia amaitu aurretik, helburua zela mailari eustea. Iritzia aldatu duzu?

Planteamendua aldatu da, bai. Final-zortzirenetan gaude, eta uste dut aukera izanen dugula zerbait egiteko lehiaketa horretan. Edo Espainiako Kopan. Argi dago Liga ez dugula irabaziko, baina bertze txapelketa horietan aukera izanen dugula uste dut.

Eta bigarren itzulirako zer?

Orain atseden hartzea da garrantzitsuena, bigarren itzuliarekin batera etorriko baita gogorrena. Hasiera zaila izanen da, Valladoliden aurka. Mailari eutsiko diogula ziurtatu dugula uste dut. Bigarren itzulian ere lan ona egitea da kontua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.