Naroa Agirre. Atleta

«Uste dut fisikoki inoiz ez naizela egon hain ondo»

Baietz esaten hasi zaio, berriz ere, burua; gehiago egin dezakeela. Aire librean inoizko markarik onena lortu berritan, Zuricheko Europako Txapelketari begira jarri da, jada, Naroa Agirre.

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
unai zubeldia
Donostia
2014ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
«Inoiz baino hobeto nago». Poza ematen du Naroa Agirre (Donostia, 1979) hain pozik ikusteak. Maiatzaren 10ean Valladoliden egin zuen 4,51 metroko jauziarekin, ez zuen hautsi kirol langa bat bakarrik. Barrua askatu zuen. «Egun magikoa izan zen». Bizkarreko lesioek eraginda, «asko» sufritu du urteotan, eta gozatu egin nahi du orain. «Noiz arte? Ez dakit. Ez dauka zentzurik egun zehatz bat jartzeak». Donostiako Maria Reina eskolako irakasle lanarekin uztartzen ari da hilabeteotako goraldia.

4,50, 4,35, 4,56... Nekagarria bihurtuko da, azkenerako, zifra bati lotuta bizitzea, ezta?

Tira... 4,50 metrotik gorako jauziak direnean, inoiz ez zara nekatzen, baina 4,40tik beherakoek jada ez dute sortzen hainbesteko ilusiorik. Zifratik haratago, gainera, gauza asko aztertu behar izaten dira: denboraldi hasieran dezenteko marka izan daiteke 4,30eko jauzia, baina bukaerarako motz samar gera daiteke; aire librean den edo ez, eguraldia...

4,51 metro. Pentsatzekoa da zifra huts bat baino gehiago izango zela Valladolidekoa.

Ilusio handia egin zidan, bai, 4,50etik ez naizelako askotan pasatu eta, batez ere, aspaldian halako markarik lortu gabe nengoelako. Aire librean 4,50 metroko jauzia zen orain arteko onena, eta niretzat ere ezustekoa izan da denboraldia 4,51rekin hastea.

Hamabi pauso eta jauzia. Inoizko gerturatze laburrenarekin lortu duzu marka. Lanketa bat egongo da horren atzean, ezta?

Orokorrean, teknika hobetu dut dezente. Fisikoki hobeto egonez gero, azkarrago egoten zara, potentzia areagotu egiten da... Ni neu ere harritu egin nintzen hamabi pauso soilik emanda. Hamalaurekin badakit 4,50eko langa igaro dezakedala, eta hori egiten saiatuko naiz aurten.

Motibazio ikaragarria izango duzu orain; presioa ere bai?

Ez, ez. Alderantziz. Lasaitasun handia eman dit marka honek. Pista estalian lortuta neukan 4,40 metroko jauzia, eta hori nahikoa nuen Zuricheko Europako Txapelketara joateko. Baina 4,51rekin berretsi egin dut gutxieneko marka hori. Zurichen aurretik ere badaude erronka politak, baina abuztua daukat jada buruan.

«Unerik onenetakoan» zaudela esan berri du Jon Karla Lizeagak, eta ondo ezagutzen zaitu [entrenatzailea eta senarra du].

Lesioen eraginez, urte zail batzuk igaro ditut. Baina fisikoki, batez ere, oso-oso ondo sentitzen ari naiz orain; uste dut inoiz ez naizela egon hain ondo. Hori bai, pertikarekin oraindik ere egokitu egin behar ditut xehetasun batzuk.

2009tik 2011ra bereziki, zuk bakarrik dakizu zenbat sufritu zenuen bizkarreko arazoekin.

Gaixotasun serioak iristen direnean, jasaten duenak bakarrik jakiten du zenbateko sufrimendua daukan. Eta serioa zen nire lesioa, ez zidalako uzten kirola egiten. Hausturaren bat izanez gero, badakizu bospasei hilabeteko kontua izango dela. Baina bizkarrarekin ezinezkoa zen jakitea noiz arte egon beharko nuen geldirik. Berez, arazo berberak dauzkat orain, baina urtebete daramat minik gabe. Hasieran ezin genuen asmatu zer egin; beste lesio txiki batzuk ere izan nituen olinpiar urtean, konfiantza galdu nuen, burua lanean hasi zen... Horregatik dauka esanahi berezia marka honek.

2008an Isinbaievarekin egindako lanketari leporatu zizkioten askok arazo fisikoak. Zehaztu duzue benetan zer gertatu zen?

Ez, ez. Eta ez dakit zehaztu daitekeen ere; beti eduki izan ditut bizkarreko arazoak. Egia da nahastu samar itzuli nintzela handik; teknika aldatzen saiatu ginen, orduantxe hasi ziren bizkarreko minak, eta ez dakit zehazki zer izan zen zeren ondorio. Baina horrek ez dit lagunduko ezertan, eta ez diot eman nahi buelta gehiago.

Isinbaeva aipatuta, non dauka hark langa? Ama izan berritan, lehiara itzultzekoa da, eta itzultzea erabaki badu...

Isinbaevarekin ez nintzateke ausartuko ezer esatera. Bueltatzea erabaki badu, ondo ibiliko dela dakien seinale izango da. Ez dut uste 4,60-4,70 metroko jauziekin etsiko duenik. Markak hausten ibili zenean ere gehiago eman zezakeela uste dut, eta argi daukat gehiago balio duela [5,06 metroko marka dauka errusiarrak].

Zer erakutsi nahiko zenuke oraindik?

4,56 baino gehiago balio dudala. Ziur dakit hori baino gehiago naizela, baina erakustea gustatuko litzaidake. Niregatik, entrenatzailearengatik eta zaleengatik.

2004an seigarren amaitu zenuen Atenasko jokoetan, 4,40 metrorekin, baina orain atleta asko dabiltza 4,60tik gora. Hamar urteotan asko igo da maila.

Bai, bai. Batez besteko maila igo da izugarri. 2004an nahiko proba berria zen pertika jauzia, atleta gutxi genbiltzan lehian, gimnastikatik zetozen kirolariak ziren asko... Gaur egun, berriz, nahiko finkatuta dago emakumezkoen pertika jauzia, maila polita dauka, eta, horren erakusgarri, Zurichera joateko eskatzen duten marka da 4,40 metrokoa. Orduan, asko genbiltzan 4,40-4,50 tarte horretan, eta handia zen jauzi hura; orain 4,60tik 4,75era dagoen jauzia zen, agian, ordukoa.

Depresioak jota Nekanerengandik urrundutakoan iritsi dira markarik onenak. Goenkaleren egunerokotik urruntzea izan da, agian, sekretua?

[Barrez] Hori izango da, bai; Nekanerengandik urruntzea. Gaixoa! Gustura asko jarraituko nuen euren artean, baina Tenerifera bidali ninduten, eta hantxe nabil oraindik. Oso esperientzia polita izan zen, ez zidan denbora askorik kentzen, eta zoratzen itzuliko nintzateke berriz ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.