Denboraldia hasi zenean inork ez zuen zalantzan jartzen Levante eta Osasuna aurkari zuzenak zirenik. Ligako bi aurrekontu txikienetakoak izanik, jaisteko postuak saihesteko lehian aurkari izango zirela uste zuten denek. Baina, ez. Juan Ignacio Martinezen taldea eta Jose Luis Mendilibarrena aurkari zuzenak dira, bai, baina datorren denboraldian Europan lehiatzeko borrokan. Bi taldeek aspaldi ahaztu zuten ez jaisteko postuak saihesteko lehia.
Une honetan lau punturen aldea dago bi taldeen artean. Osasuna Europako postuetatik at dago azken bi partidak berdindu ondoren. Levante, aldiz, sailkapeneko laugarren postuan dago, Txapeldunen Ligako atarikoa jokatzeko eskubidea ematen duen postuan. Valentzia, hirugarren sailkatua, hiru puntura du Valentziako bigarren taldeak. Salbazioa ia ziurtatuta izanik, postu gozoenen bila lehian ariko dira gaur Osasuna eta Levante. Galdu arren, lehian jarraituko du Levantek, baina Osasunak irabazteko premia gehiago dauka. Etxetik kanpo partida bakarra irabazi dute gorritxoek sasoia hasiz geroztik, Espanyolen zelaian (1-2), eta bigarrena irabazi nahi dute gaur.
Dena dela, Osasunako entrenatzaileak nahiago du mailari eusteko helburuaz soilik hitz egitea. «Levanteren aurka hiru puntuak lortuz gero, salbazioa ziurtatu egingo genuke ia-ia, ez baitut uste sailkapeneko azken hiru postuetan dauden hiru taldeetako inor 43 puntu baino gehiago batzeko gai izango denik», esan zuen atzo Mendilibarrek, Taxoaren. Hori bai, gorritxoen entrenatzaileak gaurko lehiaren zailtasuna nabarmendu zuen gero: «Levantek pixkanaka-pixkanaka indarra galdu eta sailkapenean atzera egingo zuela uste zuten denek, baina hor jarraitzen dute, tinko. Aurkarientzat talde deserosoa da, ez da erraza haiei nola jokatu asmatzea». Osasunako entrenatzailearen hitzetan, Levantek badaki zer nahi duen. «Bikain lehiatzen ari dira, eta txalo egiteko moduko denboraldia egiten ari dira. Ez da erraza izango».
Hasierako hamaikakoan aldaketa bat egitera derrigortuta dago Mendilibar, Javad Nekunamek partida bateko zigorra bete beharko baitu txartel pilaketaren ondorioz. Lolo eta Raoul Loe dira hura ordezkatzeko hautagaiak. Baina aldaketa bat baino gehiago izan daiteke gorritxoen hamaikakoan. Asteartean atseden eman ostean, Sergio deialdian sartu da berriz, eta ikusteko dago erdiko atzelari bikotea astearteko berbera izango den edo ez. Getaferen aurka Roversio eta Flaño aritu ziren atzeko lerroan; bietako batek Sergiori tokia utzi beharko dio, agian.
Manuren aukera aurrealdean
Aurrealdean izan daiteke ezustekorik handiena. Levanteren zelaian jokatzeko abiadura handiko jokalariak nahi ditu Mendilibarrek, eta Manu Onwu bigarren taldeko jokalariak hasieratik jokatzeko aukera izan dezakeela dirudi. Athleticen aurkako derbian debuta egin ostean, hasieratik jokatzeko lehendabiziko aukera izango luke Erriberako aurrelariak. Jokatzeko moduan izanagatik, Ricardo, Etxaide, Calleja, Annunziata, Ruben eta Satrustegi deialditik at geratu ziren atzo. Saturstegik bigarren taldearekin jokatuko du.
Uste ez zuten lehian sartuta
Sasoi hasieran mailari eustea soilik amesten bazuten ere, Europarako lehian sartuta daude Levante zein Osasuna
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu