Hiru hilabeteko bide luzea gaur bukatuko da, Hernaniko pilotalekuan (19:00). Bi talde dira BERRIA Txapelketako azken pausoa emateko hautagaiak, biak gainera aurretik txapela janztea zer den dakitenak. Amezketako Zazpi Iturrik Uharteko seikotearen aurka jokatuko du. Uste osoa ikusita eta eginiko bideak ikusita, Gipuzkoako seikotea da faborito, baina Uhartekoek erakutsi dute gauzak oso oker jartzen zaizkienean ere kanporaketari buelta emateko gai direla. Pronostikoen bi aurpegiak dira uste orokorraren alde eta aurka daudenen arteko lehia.
BERRIA Txapelketako lehen bi aldietako txapeldunek neurtuko dituzte indarrak finalean. Zazpi Iturrik 2004an jantzi zuen txapela, finalean Aurrera Saiaz mendean hartuta (66-45). Uhartek, berriz, 2005ean, Hernaniren aurka finalean irabazita (63-48). Orduko finalarekin lotura bitxia du gaurkoak, Ioldi eta Linzoain gazteen mailan ari baitziren garai hartan, eta, sei urte geroago, berriz ere finalean ariko dira, nagusietako partidan.
Bi taldeen finalerako bidea desberdina izan da. Zazpi Iturrik kadeteetan eta gazteetan lorturiko tanto aldeari esker irabazi ditu kanporaketa guztiak, eta indartsu iritsi da finalera. Zerrendaburu zenez, final-zortzirenetan ekin zion bideari, Zornotzako Lagun Onak kanporatuta (2-1). Final-laurdenetan Galdakaoko Adiskideren, iazko txapeldunordearen, aurka irabazi zuen (3-0) Galdakaon bertan. Finalerdietan, azkenik, iragan igandean, Irurtzun kanporatu zuen (2-1).
Uhartek bide luzeagoa izan du, behetik ekin baitzion txapelketari, eta malkartsuagoa ere bai, kanporaketa estuagoak jokatu baititu. Lehen kanporaketan, Gernikako Arkuperi irabazi zion (2-1), eta, final-zortzirenetan, Hernaniri (2-1). Kanporaketa estuena final-laurdenetan jokatu zuen, tanto bakarragatik irabazi baitzion Zugarralderi (50-49). Burlatako nagusietako bikoteak sei tanto behar zituen aurrera egiteko, eta Ioldi eta Linzoianek 22-5 irabazi zuten. Azkenik, finalerdietan, 2-1 irabazi zion Doneztebeko Errekari, txapelketako kanporaketa orekatuenetako batean.
Finalari dagokionez, Zazpi Iturrik, ustez, bikote indartsuagoak ditu kadeteetan eta gazteetan, eta Irurtzunek nagusietan oso bikote segurua. Lehen partidan, Jokin Altuna eta Iker Irribarria ariko dira Amezketakoen aldetik, Irurtzungo Iñigo Larunbe eta Aritz Goñiren aurka. Gazteetan, berriz, Zazpi Iturrik Joseba Gallurralde eta Erik Jaka elkartuko ditu Uharteko Irail Zestau eta Ander Minari aurre egiteko. Azkenik, nagusietan, bi profesional ohi ariko dira Zazpi Iturri taldetik: Aritz Arzelus eta Unai Garmendia. Uharten, berriz, Eneko Ioldi eta Josu Linzoain elkartuko dira.
Ohikoa denez, finala Hernaniko pilotalekuan izango da; zoru bizikoa da, eta, erasoko jokorako, aproposa. Sakearekin asmatuz gero, min handia egin daiteke lehen pilotakadarekin. Girorik ere ez da faltako harmailetan; gainera, Uharteko Udalak autobusa antolatu du herritarrek pilotariak babes ditzaten, eta, seguru asko, zale gehiago joango dira euren kasa. 2004ko finalean ondo girotu zuten pilotalekua. Halere, hurbilakoak baitira, seguruenera, Zazpi Iturriren aldeko gehiago bilduko dira, eta haien oihuak gehiago entzungo dira.
Pilota. BERRIA Txapelketako finala
Ustearen alde eta aurka
Amezketako Zazpi Iturrik eta Uhartek VIII. BERRIA Txapelketako finala jokatuko dute gaur Hernaniko pilotalekuan (19:00)Bi taldeak behin izan dira txapeldun, eta Gipuzkoako seikotea ageri da faborito
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu