Txirrindulari askok izaten dute inflexio puntu bat, eta Nozalena atzokoa izan daiteke. Zaragozako erlojupekoan egindakoa bereganatzen badu, haren esanahia ondo ulertu eta ekar lekizkiokeen ondorioak sinesten baditu, txirrindulari handia izan daiteke. Zenbaterainokoa ez dakit, baina orain arte egon den ezezagunen sailetik alde egiteko atea zabalik dauka.
David Millar espezialistari eta, besteak beste, Igor Gonzalez de Galdeanori jipoi hori emateko gai den txirrindularia ez da edonor. Hori ordea berak barneratu behar du, mentalizazioaren langa gainditzea falta zaio orain, eta ez da fisikoki lortu duen bilakaera baino errazagoa izango, ziklista apal handiusterik gabea baita kantabriarra, umilegia goi mailako kirolaria izateko.
Atzokoa barneratzen kosta egingo zaio segur aski, inork uste gabekoa lortu baitzuen. Eta inork hori azpimarratu egin nahi dut, taldean bertan, bere zuzendariak ere ez baitzuen uste halakorik egin zezakeenik. Orain, bestelakorik aipatzen duenak gezurra dio. Isidro Nozal atzo ibili zen mailako txirrindularia zela uste izan balute ONCE-Eroski taldean, Burgosko etapako jokabidea oso izango zen diferentea. Han, gogoan izan, ez zuen erreleborik eman, Joaquin Rodriguezen lidertza defendatzeko aitzakian.
Egun hartan, atzo egin zuena egiteko gai zela jakin izan balu Manolo Saizek, bera izango zen lanean ekimenik handiena izango zuen txirrindularia, errentarik onena berak atera baitziezaiokeen ihesaldiari. Inori burutik pasatzen al zaio Nozalen egoeran Igor Gonzalez de Galdeano egokitu izan balitz, Rodriguezen aitzakian erreleborik eman gabe joango zenik?
Ordea, inork ez zekien eta inork ez zuen aurreikusi Nozalen gorputzak hainbesteko altxorra zuenik. Manolo Saizek, egia da, zerbait antzeman zion gaztetan, afizionatu gizen eta baldar itxurako hark karrera bi baino ez baitzituen irabazi profesionaletara pasatu aurretik.
Edonola den ere, ez dut uste ONCE-Eroskiko liderra Nozal denik, Igor Galdeano baizik.
ZIZTU BIZIAN. ESPAINIAKO VUELTA
Ustekabeko altxorra etxean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu